Musika pieza eta dantza berriak estreinatuko dituzte Mairuaren Alardean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010eko uztailaren 2a

Iaz egin zituzten Mairuaren Alardea biziberritzeko lehenengo aldaketak. Eusko Ikaskuntzak egindako ikerketa baten ondorioz argi ikusi zuten alardearen bizi iraupena bermatzeko beharrezkoa zela aldaketa batzuk egitea. Bada, aurten ere hainbat aldaketa izango ditu Mairuaren Alardeak. Aurtengo alardea uztailaren 17an izango da.

Alardeak izango duen aldaketa bat dantzei dagokiena izango da. "Dantzen ordena aldatu egingo dugu. Esan daiteke alardetik aparte egiten zela dantza orain arte eta aurten aparte izan beharrean alardearen barruan izango direla dantzak", azaldu du Valen Moñuxek, Mairuaren Alardea biziberritzeko taldean lanean diharduenak. Gainera, dantza berezia prestatu dute alardean egiteko. Dantza berri horrek bi musika pieza izango ditu: batetik, Antzuolako zortzikoa eta bestetik, bertsotako zati bat. Neskek dantzatuko dute dantza berria.

Musika pieza bi

Musikan ere aldaketak izango dira: Jose Ignazio Antsorenak idatzitako Antzuola izeneko lana joko dute; eta txistuarekin jotzeaz gain, Oinarin taldekoek dantzatu ere egingo dute.
Bestalde, Alfredo Gonzalez Chirlaque Bergarako Musika Bandako zuzendariak iaz idatzitako Antzuolako Mairuaren Martxa lanak hainbat aldaketa izango ditu. Iaz Bergarako Musika bandak jo zuen pieza; aurten, baina, txisturako egokitu dute eta Musika Bandak jo beharrean Antzuolako txistu taldeak eta Bergarako metal boskoteak joko du.

Segizioa, handiagoa

Azkeneko alardean mairuaren segizioa bost pertsonakoa izan zen; bada, aurten, segizio handiagoa izango du mairuak. Dagoeneko segizioa antolatuta dute eta entseguak ere hasi dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak