Gitarra eta baxu elektrikoak, bateria eta ahotsak bat egiten dute konbo taldeetan. Horiek entzuteko aukera izango da Antzuolan gaur, egubakoitza. Zumarragako eta Bergarako konbo taldeek musika emanaldia egingo dute Olaranen 19:00etan.
Guztira, hamaika taldek jardungo dute: Bergarako bost taldek eta Zumarragako sei taldek. Bergarako musika eskolan azken bi urteotan dihardute konbo taldeek lanean, eta emaitza oso politak lortu dituzte. Zumarragan tradizio handiagoa dago konbo taldeei dagokienez, eta maila altuko konboak dituzte hango musika eskolan.
Ane alberdi, gitarrarekin
Egubakoitzeko emanaldian askotariko doinuak entzun ahal izango dituzte zaleek: Bob Marley, AC/DC, Jimi Hendrix, Baron Rojo eta Metallicaren abestiak, esaterako. Kontzertuan herriko ordezkaririk ere ez da faltako. Izan ere, Ane Alberdi antzuolarrak Bob Marley-ren Three little birds kantuan gitarra elektrikoa joko du.