Maiatzaren 29 eta 30ean munduko kulturen festaren hiriburu bihurtuko da Antzuola. Ekitaldiz betetakoak izango dira bi egunok, eta herriko hainbat gunetan egongo da zer ikusi, entzun eta dastatu. Herri erdigunean izango dira ekintza garrantzitsuenak.
Honek guztiak baina, hainbat moldaketa egin beharra ekarriko du. Zapatuan eta domekan herriko sarrera eta irteerak mugatzea da asmoa, gune nagusietan behintzat autorik egon ez dadin.
Hala, kanpotik datozenendako gomendioa garraio publikoa erabiltzea da. Herritarren kasuan, Antzuolatik irten eta sartzeko baimena izango duten arren, eskatuko zaiena da ahal den heinean, eta herritik irten beharko dutela aurreikusten badute, autoak herritik ateratzea. Horretarako Goizperren aparkalekuak egokituko dituzte. Autoak kanpoan utzi barik, garajeetan sartzea ere eskatu dute.
Dena den, Udaletik jakinarazi dute datozen egunotan azalpen guztiak jasoko dituzten esku-orriak banatuko dituztela etxez etxe. Pedro Iturbe alkateak berak gainera, aurrez eskerrak eman gura dizkie antzuolar guztiei euren kolaborazioagatik. Bere esanetan, hainbat buruhauste eragin arren, azkenean merezi izango dute, Mundumira bezalako jaialdi batek Antzuola ezagutzera emateko balioko du eta.