Mundumirak seigarren arrakasta lortu du Antzuolan

Arritxu Barruso 2010ko mai. 30a, 21:40
Aurtengoa erronka handia zen; 2.100 biztanle inguruko herri txiki batean, Antzuolan, Mundumira bezalako jai erraldoia antolatzea. Bada, Antzuolak eta antzuolarrek ederki bete dute euren lana eta munduko kulturen jaiak bere seigarren arrakasta lortu du aste bukaera honetan.

Zapatu goizean hasi zen festa Antzuolan. Goiz eta eguerdi partean familiek hartu zituzten kaleak, artisau postuak ikusi, umeek jolas egin eta mundu guztiko zaporeak probatzeko.

Iluntzean, berriz, gaztez betetako autobuskadak iristen hasi ziren. Ojos de Brujo taldearen kontzertua ikustera zetozen guztiak; zalantza barik Mundumirako ekitaldi jendetsuena izan zen. Antolatzaileen esanetan 3.500 pertsona inguru batu ziren eskolako jolastokian. Bartzelonatik iritsitako taldearen flamenko fusionatua gustura hartu zuten ikusleek eta txalo eta dantza artean festa giroa piztu zen.

Domeka egun lasaiagoa izan zen. Dena dela, eguerdi partean jende dezente gerturatu zen Antzuolara; horren adierazle da bi orduan 1.050 txahal pintxo banatu zituztela. Arratsaldean, Beningo Gangbe Brass Band eta Euskal Herriko Tacumah Reggae Band taldeen kontzertuekin agurtu zen aurtengo Mundumira.

Poltsikoak minduta

Antolatzaileen esanetan bisitarien aurreikuspenak bete egin dira eta 20.000 pertsona inguru etorri dira Mundumirara aste bukaera guztian. Baina saltzaileen aurreikuspenak, antza, ez dira bete. Artisauek uste baino gutxiago saldu dute eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek ere diru gutxi jaso dutela azaldu dute. Anelkarrek, Antzuolako kirol elkarteak eta Oinarin dantza taldeak ipinitako txosnan ere edaria eta ogitartekoak soberan geratu zaizkie.

Garraio publikoa

Mundumirako antolatzaileek kanpaina indartsua egin zuten aurreko asteetan garraio publikoaren alde. Hori horrela, askok eta askok, aholkuei kasu eginez, Antzuolara autobusez joatea erabaki zuten. Antolatzaileen esanetan oso pozik daude garraio publikoa "oso ondo" ibili zelako, orokorrean. Zapatu iluntzean izan zen arazo gehien; Bergaran ia bi ordu itxaron behar izan zuten autobusa hartzeko. Oñati aldean ere haserre zeuden Antzuolara joan etorria egiteko lau autobus hartu eta ordaindu behar izan zituztelako.

Dantza eta parranda flamenkoarekin

Ojos de Brujo taldearen kontzertua izan da, zalantza barik, ekitaldi jendetsuena. Eskolako jolastokia topetaraino bete zen zapatu gauean. Gose taldeak trikiti elektronikoarekin berotu zuen giroa eta ondoren flamenkoa dantzatzeko momentua iritsi zen; baina, ez flamenkoa bakarrik, baita rumba, reggae edo hip-hopa ere. Izan ere, Bartzelonako Ojos de Brujo taldearen ezaugarri nagusia fusioa da. Euskal Herrian, beharbada, flamenkoak jarraitzaile gehiegi ez dituen arren, ikusleek gustura hartu zituzten doinu dantzagarriak.

Balorazio positiboa

Mundumira jaialdiko antolatzaileak "oso pozik" daude aste bukaerak emandakoarekin: "Oso arrakastatsua izan da; aurreikuspenak bete egin dira eta jende asko gerturatu da Antzuolara. Antzuolarren harrera eta inplikazioa ere harrigarria izan da, erabatekoa. Ekitaldi guztiak egin dira arazo barik. Esan daiteke ia perfektua izan dela. Garraio publikoak ere oso ondo lan egin du orokorrean, momentu puntual batzuetan atzerapenak egon badira ere", azaldu digu Iñaki Rekalde Euskal Herria aldizkariko zuzendariordeak eta antolakuntzako kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak