Mozio "etikoak" ez du aurrera egin

Irati Agirreazaldegi 2008ko mai. 12a, 23:06
Antzuolan ere ez du aurrera egin EAJk eta PSOEk aurkeztutako mozioak. Bai, ordea, Pedro Mª Iturbek, Patxi Olabarriak, Mª Paz Ugaldek, Andoni Azkargortak eta Mª Carmen Jauregik aurkeztutako mozio alternatiboak.

Ezohiko osoko bilkura egin dute Antzuolan bi mozio politiko eztabaidatzeko. Luze joan da batzarra eta zabal eztabaidatu dute bai zinegotziek eta baita herritarrek ere.

Osoko bilkuren aretoa jendez gainezka zela eta alkateak mahai gainean ipinitako Ino Galparsororen argazkiarekin herriko ohiko bi gairen berri eman ostean, lehenengo mozioa irakurri du idazkariak, EAJk eta PSOEk aurkeztutakoa.

Zinegotziek hartu dute hitza mozioa irakurri eta berehala. EAJko Joxi Beltranek esan du ezinezkoa dela herri bateko alkateak edozein erahilketa ez gaitzestea. Hala ere, ez du bidezkoa ikusi Ino Galparsororen espetxeratzea eta bere askatasuna eskatu du.

PSOEko zinegotzi Paco Morcillok esan du "askatasunaren aldeko udalbatzarra" zela eta, hortaz, eurek aurkeztutako mozioa babesteko eskatu du. Bestalde, behin eta berriz aipatu du "kondena" hitza eta hori egin ezean "bakerako bidea zaila" dela gaineratu du.

Pedro Iturbe alkatearen esanetan, "mozioek ez dute lagunduko inork nahi ez dituen ekintza biolentoekin amaitzen". Ino Galparsorori zuzendutako eskutitz bat irakurri du gero eta herritarrek txalo zaparrada batekin hartu dute.

Aralar-Zutikeko zinegotziek esan dute eskubideen urraketa bi aldeek egiten dutela eta abstenitu egin dira botoa emateko orduan dimisio eskaerarekin ados ez daudelako.

Eztabaida politikoa luze joan da eta elkarri hitza hartuaz jardun dute bakoitzak bere mozioak eta botoak arrazoitzen zinegotziek.

Horren ostean etorri da bozketa:

  • Alde: 4 boto (EAJko eta PSOEko zinegotzienak)
  • Aurka: 5 boto (Pedro Mª Iturbe, Patxi Olabarria, Mª Paz Ugalde, Andoni Azkargorta eta Mª Carmen Jauregiren botoak)
  • Abstentzioa: 2 (Aralar-Zutikeko zinegotziak)

Bigarren mozioa aurkeztu dute gero, eztabaida gutxiago eragin duena. Mozio hau onartu egin dute:

  • Alde: 5 boto (Pedro Mª Iturbe, Patxi Olabarria, Mª Paz Ugalde, Andoni Azkargorta eta Mª Carmen Jauregirenak)
  • Aurka: 4 boto (Aralar-Zutikeko zinegotzienak, PSOEko zinegotziarena eta EAJko zinegotzi batena)
  • Abstentzioa: 2 (EAJko bi zinegotzirenak)

Udalbatzarraren amaieran tentsio uneak bizi izan dira herritarrek hitza hartu dutenean. PSOEri eta EAJri egin dizkiote kritikak eta azken unean Paco Morcillok aretoa utzi du esanez "mozioetatik haratago joan" direla eztabaidak. Batzarra amaitutakoan ere zinegotzien eta hainbat herritarren artean izan da hika-mikarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak