Motor zaleen irteera urriaren 5ean izango da

Irati Agirreazaldegi 2008ko ira. 22a, 18:10
Antzuola Motor Taldeko kideek irteera gertatu dute urriaren 5erako. 09:00etan herriko plazan elkartuko dira eta orain dela gutxi hil den taldeko kide Iñaki Alkortaren omenez minutu bateko isilunea egin ostean, martxan ipiniko dituzte motorrak.

Zumarraga alderako bidea hartu eta Aizpurutxotik eta Azkoititik pasatuta Azkarate eta San Migel mendateetan barrena Bizkaia aldera joko dute. Etxebarri, Markina, Bolibar, Munitibar, Aulesti eta Gizaburuaga pasatu eta gero Lekeitiora iritsiko dira. Portuan bueltatxo bat eman eta gero hamaiketakoa egingo dute Itxas Alde tabernan.

Gidariak eta motorrak gasolinaz bete eta berriz abiatzeko gertu izango dira motor zaleak. Bizkaiko hainbat txoko igaroko dituzte: Ispaster, Ea, Ibarrangelu, Elantxobe, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Gernika, Forua, Murueta, Busturia, Sukarrieta, Mundaka, Bermeo eta Gaztelugatxe. 13:00etarako aurreikusi dute hara iristea eta argazkia aterako dute denak ailegatutakoan.

Bazkaria Mungian

Gero, Mungiarako bidea egingo dute Bakio, Lemoizko zentral nuklearra, Plentzia, Maruri eta Larraurin barrena. Fonda jatetxean egingo dute bazkaria eta bueltan Gamiz-Fika, Larrabetzu, Zornotza, Durango, Izurtza, Mañaria, Urkiola eta Otxandio pasako dituzte.

Olaetan freskagarri bana hartu eta Kruzeta gainetik, Aramaio, Arrasate eta  Bergara atzean utzita 19:00etarako Antzuola iristea da asmoa, 300 kilometro inguru egin ostean.

Irteeran parte hartu nahi duten motor zaleek Mujika harategian eman behar dute izena hilaren amaiera baino lehen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak