Norendako da zerbitzua?
Zerbitzu hori 60 urtetik gorako pertsona ezinduei dago zuzendua batez ere. Antzuolan horrelako zentro bat jartzeko beharra honelaxe azaldu du Karmele Korta Udaleko Gizarte langileak: "Duela urte batzuk hasi ginen aztertzen herrian zeuden beharrak eta zein zerbitzu geneuzkan. Ikusi genuen salto handia zegoela etxez etxeko zerbitzutik zaharren egoitza batera. Horregatik, eguneko zentroa martxan ipintzeko lanetan hasi ginen". Kortak adierazi du eguneko zentroaren helburua herritarren beharrei erantzutea dela eta, batez ere, hara joaten diren pertsonei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea. Horretarako, zerbitzu ezberdinak dituzte: bazkaria, merienda, bainua eta askotariko ekintza fisikoak. Eskaintza zabal horren ordutegia ere malgua izango da: 09:00etatik 18:00ak arte. Garraio zerbitzua – goizean zentrora joateko eta arratsaldean etxera itzultzeko– ere egongo da.
Kudeaketa
Zentroaren kudeaketa Eulen enpresaren esku egongo da. Bertako arduradun Bea Gelbenzu izango da. Hark azaldu digu bertan zenbat pertsonak egingo duten lan: "Hasiera batean bost profesional egongo dira: osasun-laguntzaile bat. Hark bertara joaten diren pertsonei laguntzen die baita garraio zerbitzuan joan-etorria egiten dutenei ere; baita sukaldari eta garbitzaile lanak egingo dituen beste pertsona bat; fisioterapeuta bat ere egongo da, eta baita monitore soziokultural bat: goizean zehar ariketa ezberdinak egingo ditu bertakoekin. Azkenik, nik, psikologo moduan, bertan dagoen pertsona bakoitzak ematen dituen aurrerapausuak ebaluatuko ditut". Eguneko zentroak hainbat txoko ezberdin ditu: alde batetik, areto nagusi bat dago: "Horrek jangela funtzioa egiten du, eta ekintzak egiteko mahai eta aulki batzuk ere badaude", adierazi digu Kortak; baita atsedenerako txoko bat; horretaz gain, gela bat moldatu da han ekintza fisikoak egiteko; bainugela normalak eta geriatrikoak ere eskaintzen dira bertara joaten diren pertsonendako. Eguneko zentro horretan 12 pertsonarendako dago tokia momentuz, nahiz eta “etorkizunean eskaria egonez gero handi daiteke", adierazi digu Kortak. Momentuz, sei pertsona joaten dira zentro berrira.
Herritarrengandik jasotako erantzunarekin pozik azaldu da Korta: "Pozik gaude hasierako harrerarekin; edozein herritarrek izango du aukera eskaintzen dugun zerbitzua norberaren beharretara egokitzen den edo ez ikusteko". Horretarako, herritarrek zerbitzuok ezagutu ahal izateko ateak zabalduko dituzte urriaren 10ean, 18:00etatik 20:00etara, eta urriaren 11n eta 12an, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara bitartean.