Pedro Iturbe, Patxi Olabarria, Mª Paz Ugalde, Andoni Azkargorta eta Mª Carmen Jauregi zinegotziek mozioa aurkeztu zuten azken udalbatzarrean EAE-ANV eta EHAK alderdien legez kanporatzea salatzeko. Mozioa aurkeztu zuten bost zinegotzien, EAJko hiruren eta Aralarreko zinegotziaren baiezko botoarekin onartu zuten mozioa. PSE-Eeko zinegotziak ezezko botoa eman zuen eta Zutikekoa abstenitu egin zen.
Mozioak legez kanporatzeak salatzen ditu esanez, “Euskal Herriak demokrazia, askatasuna behar du. Euskal herritarrok gure etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea eta ahalmena behar ditugu”.
Era berean aldarrikatzen dute “Euskal Herriko bizitza politiko, sozial eta kulturalean berdintasun baldintzetan parte hartzeko eskubidea”; baita ere, “herritarrek aukeratutako ezker abertzaleko zinegotziak eta parlamentariak eragile eta mintzakide politiko gisa onartzea”.
Bide batez, herritarrei dei egin nahi diete, eguenean, urriaren 9an, 19:00etan, Herriko plazatik abiatuta, Herriaren borondatea errespetatu: ilegalizaziorik ez! lelopean egingo den manifestazioan parte hartzera.