Malira eta Burkina Fasora bidaia argazkitan

Irati Agirreazaldegi 2009ko api. 26a, 19:56
Pedro Mertxan Papirekin Malira eta Burkina Fasora egindako bidaiaren berri emango du Pilar Etxanizek apirilaren 28an, martitzenean, 19:00etan Olaranen.

2008ko abenduaren 4tik 2009ko urtarrilaren 9ra bitartean egin zuten bidaia euren kasara. Bamakon lur hartu eta Segoura joan ziren  Niger ibaiaren ertzera eta handik Moptira. Bi herri horietan, erreka ondoko bizitza nolakoa den ikusi ahal izan zuten: arrantza, azoka, pertsonen eta merkantzien garraioa leporaino betetako pinasa izeneko txalupetan...

Moptitik Timbuktura jo zuten  Sahara basamortuaren hasierara. Garai batean basamortuan tuareg-ak ibiltzen ziren euren merkantziak ganbeluan garraiatzen eta saltzen. Tuareg-en karabanak herri horretan biltzen ziren eta garrantzi handia hartu zuen negozio gune moduan. Gaur egun horren arrastoak ikus daitezkeela esan digu Pilar Etxanizek.

Hiru egunez ibaian

Gero Moptirako itzulera Niger ibaitik egin zuten hiru egunez pinasa batean bidaiatuz. "Ibai ertzeko herriak ikusi genituen, nekazariak, abelzainak, arrantzaleak; kasu guztietan, euren bizi-iraupenerako ibaia da derrigorrezko gunea eta baliaidea", kontatu digu Pilar Etxanizek.

Moptitik  Djenée hirira jo zuten. Han dago adobezko munduko eraikinik handiena; mezkita bat, ondare unibertsal izendapena duena.

Dogon herria

Ondoren Bandiagaran izenako falla ikusgarri baten banatuta dauden Dogoneko herrietara joan ziren. "Dogon kulturako herri batzuk ezagutu genituen zazpi eguneko ibilaldi bat oinez eginez. Euren kultura  tradizionala mantentzen dute, sinbolismoz betea, nahiz eta nabaria izan turismoaren eragina".

Burkina Faso

Burkina Fasora pasatu ziren gero. Han Loby herria eta bere ohitura zahar eta konplexuak ezagutu zituzten. Pilar Etxanizek azaldu digunez, "Loby herria animista da (objektuek bizitza edo arima eta euren arbasoen izpirituekin komunikatzeko ahalmenadutela uste dute) eta euren sinismenak mantentzen dituzte. Sinismen huek garrantzi handia dute etxeen egituran eta bizitza ulertzeko eran".

Burkina Fason paraje natural zoragarri batzuk ere ikusi zituzten: Karfiguelako  ur jauziak eta Fabedougouko harrizko mendi multzoak.

Afrika beltza

"Orokorrean Afrika beltzaren bihotz zati bat ezagutu genuen. Hango arazoak: hazkundea, analfabetismoa, pobrezia, ur falta, osasun arazoak. Eta  hango baloreak: denboraren erlatibotasuna, beharrak eragindako sormena, baliabideen erabilera zentzuduna… Aukera ona izan da gure zilborretik irtetzeko, abegi oneko pertsonekin harremanak izateko eta eurekin gozatzeko, sentsasio eta sentimendu kontrajarriak bizitzeko eta geure buruari hainbat galdera egiteko", esan digu Pilar Etxanizek.

 

Bidaia hori argazki bidez egin nahi duenak martitzenean du aukera Olaranen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak