Mairuaren Alardeko aldaketek erantzun ona lortu dute

Txomin Madina Milikua 2009ko uztailaren 19a

Iragarritako aldaketak medio, Antzuolako bertako eta kanpotik etorritako jende andana bildu zuen Mairuaren Alardeak zapatuan.

Lehenengo aldiz, fusileroen artean emakumeak egon dira aurten, eta alardearen beraren ibilbidea ere luzatu egin dute.

Mairuaren itxura eta eszenografia berria izan da baina zeresan gehien piztu duena. Herritarren artean galdetuta gainera,  esan daiteke, aldaketak jendearen gustukoak izan direla; ikusleen iritziz, itxura ikusgarriagoa izan du aurten mairuak, eta bere figura duintzeko ahalegina ere ontzat eman dute.

Juan Carlos Gomezek bete du aurten lehenengoz Abderraman III.a mairuaren papera, eta hasierako urduritasunak alde batera utzita, bera ere pozik zegoen alardeak emandakoarekin. 

Bestela ere, jende ugari jaietan

Eguenean eman zitzaien hasiera aurtengo herriko jaiei. Hasiera koloretsua egin zuten gainera, eta alkate eta alkatesa txikien saioaren ostean, umeek udalekuetan gertatutako ikuskizuna egin zuten.

Iluntze aldera, eta salbearen ostean, Antzuolako bandera eta ikurrina jasotzea egin zuten. Urtero legez, Pedro Iturbe alkatea buru, aurreskua dantzatu zuten udalbatzako kideek.

Egubakoitzean, bigarren urtez gastronomia lehiaketa egin zuten. Iaz marmitakoa izan bazen aurten paella izan da prestatu beharreko platera baina aldatu ez zirenak, irabazleak izan ziren: Florentino Lamariano eta Isidoro Quintana ibili dira berriz ere sukalde kontuetan nagusi. 

Txosna batzordeak ere hainbat ekitaldi antolatu ditu jaietan: herriko hainbat koadrila esaterako, altxorraren bila ibili ziren egubakoitzean, eta mus txapelketa ere egin zuten. Jende asko ibili zen baita ere egubakoitzean, Antzuolako trikitilarien doinuekin egin zen poni eta zezentxoen erakustaldian.

Domeka eguerdi aldera, Acordes Navarros jota taldeak girotu zuen herriko plaza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak