Larrugintza zentroaren proiektua prest dute

Bi urte barru interpretazio zentroa martxan jartzea espero dute arduradunek. Josu Tellabide etnologo donostiarra da proiektuaren arduraduna. Udalak, bere aldetik, hitzarmena sinatu du Jaime Telleria eraikinaren jabearekin, beheko solairua eta sotoa erosteko.

Telleria etxeko beheko solairuan eta sotoan kokatuko dute Larrugintzaren Interpretazio Zentroa. Horretarako, eraikinaren jabe den eta eraikin horretan etxebizitzak egiten diharduen Jaime Telleriari lokal horiek erosiko dizkio Udalak. Erosketa hori egiteko aurre-hitzarmena sinatu dute; maiatzeko azkeneko osoko bilkuran onartu zuten erosketa hori egitea. Aurre-akordio horren arabera, 97.013 euro ordainduko du Udalak.

Beheko solairuan eta sotoan kokatuko dute zentroa, esan bezala. Guztira, 175 metro koadro izango ditu.

Josu Tellabide etnologoa da Interpretazio Zentroaren proiektuaren arduraduna. Dagoeneko prest dute proiektua, nahiz eta oraindik posible den aldaketaren bat edo beste egin behar izatea. Proiektu horren arabera, beheko solairuan, besteak beste, honako guneak egokituko dituzte: harrera, tailer didaktikoa, larruarekin egindako produktuak, larruak eta larrua lantzeko tailerra. Sotoa, bestalde, larru-ontzeari dedikatuta egongo da; han ikusi ahal izango dugu larrua ontzeko prozesu osoa zelakoa zen.

Artisau bat arduradun

Josu Tellabidek, bere proiektuan, zentroaren edukiak eta lokalaren banaketa ez ezik, kudeaketaren gaineko proposamena ere egiten du. Bere proposamena da artisau baten esku lagatzea zentroa; horrela, artisau horrek larrua landu eta egindako produktuak hantxe bertan salduko lituzke eta era berean, zentroko gidari lanak ere egingo lituzke. Larrugintzaren zentro bizi bat lortu nahi du horrela Tellabidek.

Ondarea berreskuratzea helburu

Josu Tellabidek horrelaxe laburbildu digu zein den Larrugintzaren Interpretazio Zentroaren helburua: “Antzuolan garrantzia handia izan du larrugintzak urte luzez; herriaren kulturaren parte bilakatu zen eta ondare hori berreskuratzea eta jendeari eskura jartzea da zentroaren helburua”.

Aurrelana

Orain dela bi urte hasi ziren Josu Tellabide eta Asier bere lankidea Telleria etxeko larrua lantzeko tailerreko materiala sailkatzen. Lan hori eginda dute. Material guztia Udalaren lokal baten gordeta daukate gaur egun. Makineria, esku-tresnak, larruak, katalogoak, patroiak, larruzko produktuak, tailerreko altzariak eta abar dauzkate gordeta eta sailkatuta. Ondoren, interpretazio zentroaren proiektuari heldu zioten.
Bestalde, herriko larrugintzako lantegietan lanean ibilitako hamaika herritar elkarrizketatu zituzten; euren asmoa da elkarrizketa horiek erabiltzea interpretazio zentroko ikus-entzunezkoetan.

Bi urte barru zabalik

Arduradunek egindako aurreikuspenen arabera, 2009. urtean jarriko dute martxan interpretazio zentroa. Telleria eraikinaren lanen araberakoa izango da irekitze data. Datorren urte amaieran etxebizitzak eraikitzeko lanak amaituta egongo direla espero dute; orduantxe hasiko dituzte zentroa egokitzeko lanak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.