60 bat lagun elkartu ziren domekako protesta ekitaldian. Bide batez, Ciudad Juarezko (Mexiko) feminizidioaren aurkako 107 sinadura batu zituzten. Honako web gunean ere sinatu daiteke: www.mujeresdejuarez.org.
Bestalde, aipatzekoa da aurreko asteko ez-ohiko osoko bilkuran emakumeenganako indarkeria gaitzesteko idatzi bat onartu zuela udalbatzak, aho batez. Hona hemen testua, osorik:
Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Antzuolako Udalak salaketa egin nahi du eta biolentzia matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, gure Udalerrian ere irauten duen gaitza baita.
Emakumeen kontrako biolentzia pentsamolde, jokaera eta jarrera kolektiboetan errotuta dago. Gaur egun ere –askotan konturatu ez arren- neska eta mutilak tratatzeko eta hezitzeko modu desberdinak erabiltzen ditugu. Ondorioz, generoaren araberako rol bereiztuak ikasten dituzte bizitzan zehar (ideia, portaera, jarrera, sentimendu bereiztuak neska ala mutila izan). Ikasketa honen ondorioz, emakumeeen menpekotasuna normaltzat hartu eta barneratzen dute. Ideia honekin gizon eta emakumeen arteko diskriminazioa sozialki legitimatzen edo justifikatzen da: lan munduan, politikan, etxean, kalean... Tratu txar fisiko, zein psiquikoak gizon eta emakumeen arteko gertaera pribatuak kontsideratzen dira askotan, eta ez –diren bezala- giza eskubideen kontrako ekintza larriak.
Indarkeria mota hau emakumeek jasatzen duten arren ezin daiteke emakumeen kontua denik kontsideratu. Denok, gizon eta emakume, inplikatu behar dugu pertsonen arteko jokaera desegoki hauek desagerrarazteko. Berdintasunezko ereduak erakutsi behar ditugu etxean, eskolan, lanean, harremanetan… belaunaldi gazteek horixe ikasi eta barneratu dezaten. Hori egin ezean legeak eta diskurtsoak ez dira nahikoa izango.
Nerabe eta gazteen arteko harreman desegokietan jarri nahi dugu arreta. Izan ere, tratu txarrak gertatzen diren bikoteen artean 3tik 1 gaztea da, 25 urtetik beherakoa. Beldurraraztea, txantaje emozionala, askatasuna mugatzea, zerbaitera derrigortzera, errudun sentiaraztea, gutxiestea, gehiegi kontrolatu nahi izana... edo zuzenean erasotzea da bikotekidea geizki tratatzea.
Gaur egungo harreman afektibo-sexualak, ere, ez dira guztiz orekatuak eta berdintasunezkoak , maskulinitatearen ereduaren oinarrian oraindik indarkeria dago, eta feminitatearenean menpekotasuna.
Gure artean ezberdinak izateak ez du esan nahi bata bestea baino gehiago edo gutxiago denik. Gizarte bezala dugun desafioa, herritar autonomo, aske eta besteekiko ardura dutenak sustatzea da, harreman afektibo eta sexual osasuntsuak eta arduratsuak, pertsona bezala era integralean garatzeko eta gizarte justuagoa eraikitzeko.
Horren guztiaren jakitun, Udal honek
ONARTU EGITEN DU KONPROMISOA, bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktiboa garatzeko, arreta berezia jarriz gazte eta nerabeen arteko biolentzian eta harreman desegokian..
GONBIT EGITEN DIE hiritar guztiei, eta, bereziki, udalerriko neska eta mutilei azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta Herriko Plazan, eguerdiko 12:30etan izango den kontzentrazioan parte hartzera.