Jangela soziala martxan jarriko dute laster

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko ots. 5a, 10:37
Antzuolako Udalak jangela soziala martxan jartzeko asmoa dauka. Osoko bilkurak dagoeneko onartu ditu arauak; orain, falta dena da menuen prezioak zehaztea. Jangela zerbitzua erabili gura duenak Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariarekin harremanetan jarri behar du, 943 78 71 95 edo 943 78 62 84 telefono zenbakietan.

Osoko bilkurak onartutako araudiaren helburua pertsona nagusiendako jangela zerbitzua erregulatzea da. 

Pertsona autonomoentzat

Jangela zerbitzua pertsona nagusi autonomoentzat da; zehatzago esanda, etxean janak prestatzeko zailtasunak dituzten 60 urtetik gorako pertsona nagusiei zuzendutako zerbitzua da. Hala ere, Karmele Korta Gizarte Ongizate batzordeko teknikariak azaldu du: "Zerbitzua eman daiteke adinaren baldintza bete barik, eskatzailearen baldintzak kontuan hartuta". Baldintza da eskatzailea Antzuolako udalerrian erroldatuta egotea.

Aurrez zehaztuta

Erabiltzaileak jangela zerbitzua noiz erabiliko duen aurrez zehaztu beharko da. "Egunero, edo astean egun batzuetan... aurrez zehaztuta egongo da eskatzaileak noiz erabiliko duen jangela zerbitzua", dio Kortak. Gainera, kontuan hartuta pertsona nagusiei zuzendutako zerbitzua dela, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako menuak egingo dituzte. Esan bezala, bazkariak eta afariak emango dituzte.

Eguneko zentroa

Antzuolako eguneko zentroak lau erabiltzaile ditu gaur egun. Esan behar da, baina, Bergarako eguneko zentroa obretan dagoenez Bergarako 15 lagun Antzuolan daudela obrak bukatu bitartean.
Jangela zerbitzuarekin, Torresoroako eskaintza zabaldu gura du Udalak. Gainera, Karmele Kortak azaldu du beste zerbitzu batzuk ere jarriko dituztela martxan: besteak beste, aktibitate tailerrak eta aldi baterako egonaldiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak