Alardea eta mairuari omenaldia
Zapatua egun berezia izan zen. Arratsaldean, ohikoa dena baino ordu erdi beranduago, 18:30ean, hasi zen alardea. Plaza jendez gainezka egon zen, eta amaieran, 39 urtetan zehar alardeko mairu izan den Salvador Peñari agurra eta omenaldi hunkigarria egin zioten. Generalaren papera egiten duen Joseba Iparragirrek herri guztiaren izenean esker ona adierazi zion eta herriko plaza erdira ateratzea eskatu zion. Ondoren, Pedro Iturbe alkateak plaka oroigarri bat eman zion. Ostean, eskopeta eta kanoi jaurtiketak ere egin ziren bere omenez. Horrela, Salvador Peñak tokia utziko die datorren urtetik aurrera gazteagoiei. Alardea amaitu zenean, oinarin dantza taldearen dantza saioa egon zen. Gauean, Zurrategi kalean egin zen afarian, 200 pertsona baino gehiago egon ziren afaltzen. Ostean, hiru taldek kontzertua eskaini zuten: Sospechosos, Never Surrender eta Ipar Haizea taldeek.
Suzko zezena ere ibili zen herriko kaleetan zehar. Gaueko giroa, musikak alaitu zuen. Herriko plazan dantzatzeko musika egon zen: boleroak, mexikarrak, kunbiak... Ederki astindu zuten gorputza bertara hurbildu zirenek; Zurrategin, berriz, DJ Bullren musikak alaitu zuen gaua goizaldera arte.
Azken eguna
Atzo jaien azken eguna izan zen. Goizean Zurrategin zezentxoak eta poniak egon ziren. Ondoren bertso saioa Jokin Sorozabal eta Amaia Agirreren eskutik herriko plazan. Aurten bertso saioaren egunean aldaketa bat egon da. Orain arte egubakoitzetan izan den saioa domekara pasa dute; hala eta guztiz ere giroa ona izan zen herriko plazan. Arratsaldean Larrain dantza izan zen herriko plazan. Gauean, berriz, jaiei amaiera emateko Joselu anaien kontzertua izan zen herriko plazan.