Lehen hitzordua, esan bezala, zapatukoa zen: egia esan, deialdiak ez zuen arrakasta handirik izan eta lau lagun baino ez ziren agertu: Pedro Iturbe alkatea, Jose Mari Iturbe zinegotzia, Migel Angel Lizarralde eta Jesus Odriozola Aixkirri. Beharbada ez diote behar besteko oihartzuna eman lehenbiziko deialdiari. Edozein modutan, hurrengo deialdietan herritar gehiagoren laguntza jasotzea da asmoa. Besteak beste, baserrietako bidegintza auzolanean egiteko ohitura dago Antzuolan. Era berean, Gabon inguruan, zuhaitz landaketa egin zuten San Joxepen eta jende ugarik hartu zuen parte orduan.
Paraje ederrean
Orain dela 20 urte inguru konpondu zuten azken aldiz Laskuraingo Errotaldean dagoen iturria. Antzuolarrek Sorginzulo izenarekin ezagutzen dute inguru hori eta benetan paraje ederra da: Lizarraga erreka ondotik igarotzen da eta antzuolar ugari ibiltzen da inguruan pasioan.
Jesus Odriozola Aixkirri Bizkalatza baserrikoa da. Haren arabera, sekula ez da urik falta izan Laskurain Errotako iturrian, "ezta sikute handienak eduki ditugunean ere ez. Orain dela 20 bat urte hoditxo berria jarri genion iturriari eta bete-bete eginda zetorren ura". Azken egunotan euri piloa izan dugun arren, zapatuan ez zuen horrenbeste urik ematen iturriak. Gertuan Laskuraingo Errota dago. Jose Mari Iturberen hitzetan, "Lasturren dagoenaren antzekoa da eta Espainiako gerraren ostean edo laga zion lan egiteari. Funtzionatzeari laga zion lehenengoetako errota izan zen".
Pedro Iturbe, Migel Angel Lizarralde eta Jose Mari Iturbe Udaleko Nekazaritza eta Ingurumen Batzordean dabiltza. Antzuolako Toponimian 50 iturri inguru izendatuta daudela diote. Ekainera bitartean hiru konpontzea da helburua. "Ea hurrengoetan jende gehiago animatzen den lanera etortzen...". Zapatu goizean giro ona izan zuten lagun. Atxurra, palanka, aizotza eta motozerraren laguntzaz goiz osoa eman zuten lanean, ordu batak ingurura arte. Laskurain Errotako iturriraino jaisten den bidea zabaldu zuten lehenbizi eta ondoren iturri ingurua txukuntzen jardun zuten. Eguerdi partean geldialdia egin zuten, hamaiketakoa egiteko. Indarrak errekuperatzeko primeran etorri zitzaien. Ondoren, lanari ekin zioten berriro. Beste egun bat eman beharko dute Laskuraingo Errotaldean lanean, hasitakoa bukatzeko. Momentuz pozik dira hasitako lanarekin.
Iturri estimatua
Garai baten asko erabiltzen duten antzuolarrek Laskurain Errotako iturria. Migel Angel Lizarraldek gogoratzen duenez, "Antzuolan maristak zeudenean hona etortzeko ohitura zeukaten eta ura bertatik hartzen zuten. Estimu handia zioten Laskuraingo urari". Aixkirrik zehazten duenez, "agua cristalina verde esaten zioten maristek hemengo urari. Eta 400 bat laguni edaten ematen zien iturriak konpontzea mereziko du, ala?". Goitik igarotzen den trenbide zaharretik bidegorria egingo dute etorkizunean eta hara ibiltzen direnek eskertuko dute iturria konpontzea, zalantzarik ez.
Ekainera arte
Jarraian, beste bi iturritan egingo dituzte konpontze lanak, Aldabekoan (Bergararako irteeran) eta Arrolakoan. Bietan ere antzeko lanak egingo dituzte: bidea garbitu, iturri ingurua txukundu eta ura bideratu. Udarako lanokin amaituko dute. Beraz, tenperaturak gora egiten duenerako, ur freskoa eskura izango dute Antzuolan.