Itsaso Garmendia eta Xabier Arantzeta onenak sagar-dantzan

Aurten 70 lagun inguru elkartu dira, gau-giro ederrean, urtero Kalebarrenen egiten duten herri afarian.

Egubakoitzean hasi eta domeka iluntzera arte iraun dute Antzuolako Kalebarreneko jaiak. Etxafuegoekin hasi zituzten, eta malabareen ikuskizun batekin esan diete agur jaiei antzuolarrek.

Aurten ere egin dute afaria kalean, eta itsulapikoa ere jarri dute zuhaitzaren puntan, abilenaren eskura. Eskegi aurretik jendearen borondate eske ibili jai batzordekoak, eta diru kopuru horixe lortu zuen Eñautek, bera izan zen-eta trebeena txanponez betetako eltzetxoa hartzen. Oinari taldeko dantzariek ere hartu dute parte, noski, Kalebarreneko jaietan eta urteroko sagar-dantza ere egin zuten, ohitura errespetatuz.

Garmendia eta Arantzeta
Hain zuzen ere Itsaso Garmendia eta Xabi Arantzeta izan ziren onenak sagar-dantzan. "Zapatu gauerdian hasi zen sagar-dantza, eta jende askok hartu zuen parte. Hura bukatu zenean, Biduri Sound-ek musika jartzen jarraitu zuen goizaldeko hirurak aldea arte. Tenperatura aldetik ere sekulako gau-giroa egin zuen. Orokorrean parte-hartze handia izan dute jaiek eta eskerrak eman nahi dizkiegu herritar guztiei", azaldu du Maddi Elortzak, antolatzaile taldeko kideak. Jaietan saldutako boleto irabazlea 1080 zenbakiduna da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.