Zela joan zen batzarra?
Oso ondo; jende mordoa elkartu ginen. Gaztetxeari bizitza eman nahi diogu eta horri begira dihardugu lanean. Noizean behin, batzar orokorrak egiten ditugu, gazte gehiagoren ekarpenak jasotzeko.
Urtarrilerako inaugurazio berri bat antolatuko duzue.
Bai; espero dugu azkeneko inaugurazioa izatea, gehiegitan egin izan dugu eta. Orain dela pare bat urte egokitu genuen Kalebarrengo lokala, gazteon topaleku bezala. Ordutik, gorabehera asko izan dugu eta itxita ere egon izan da gaztetxea. Urtarrilean egingo dugu ekitaldi bat, jendea guregana erakartzeko.
Zer esango zenieke gazteei?
Egia esan, badakigu gu baino nagusiagoak diren gazteak ez direla hona etorriko, hemen egotera. Baina, behintzat, nahi dugu poteoan dabiltzanean gaztetxera ere sartzea. Horretarako, garrantzitsua izango da kontzertuak antolatzea, esaterako.
Orain arte ez da kontzerturik antolatu izan.
Ez, ez genuen horretarako baimenik. Orain, baina, Udalak lagatzen digu eta euren laguntasuna daukagu, gainera. Guk uste dugu kontzertuak antolatzeak, betiko jendeaz gain, beste batzuk ere erakarriko dituela. Gainera, orain jendea erakartzea garrantzitsua da, gero, eraikin berrira, gaur egun anbulatorioa dagoen tokira, ere etorri daitezen.
Ze plangintza egin duzue aurrera begira?
Gure asmoa da hilabetero ekintza bat antolatzea; gainera, data jakin baten izango da beti, seguruena, hilabeteko hirugarren egubakoitzean.
Barra ere baduzue orain.
Orain dela urtebete inguru jarri genuen. Hasieran, jende nagusi asko hasi zen etortzen, baina, orain, berriro ere, gainbehera izan dugu. Guk nahi dugu gaztetxeak duen lokal kontzeptuarekin apurtzea, baina, kontuan hartu behar da taberna hutsa ere ez dela. Gazteondako zein herritar guztiendako gunea da. Guk antolatzen ditugun ekimenak dira herri osoarendako.