Iragarri bezala, EAE-ANVk alkatearen soldata jaitsi du

Aintzane Irizar 2007ko uzt. 6a, 14:05
Alkatearen lan jarduna eta soldata, Gobernu Batzordea eratzea, batzorde informatzaileen banaketa, udalbatzaren aginpekoak diren elkarteetarako ordezkariak aukeratzea eta udalbatzarren egun eta ordua zehaztea. Horiexek izan ziren agintaldiko lehen osoko bilkuraren gaiak.

Agintaldiko lehendabiziko osoko bilkuran, eguaztenean, hilak 4, ez zuen inork hutsik egin; hantxe izan ziren udalbatza osatzen duten hamaika zinegotziak.

Udalbatza osatu eta alkatea izendatu zuten osoko bilkurako akta onartu eta gero, gai-zerrendari heldu zioten.

Udalbatzaren egun eta ordua zehaztea

Bigarren puntua izan zen udalbatzarren egunak eta ordua zehaztea. Alkateak adierazi zuen bere taldearen proposamena dela hilabeteko lehenengo eguaztenetan, 18:30ean egitea osoko bilkurak. Paco Morcillo PSE-EEko zinegotziak eskatu zuen 18:00etan izatea eta inolako arazo barik onartu zuten guztiek aldaketa hori. Hortaz, aurrerantzean izango dira hileroko osoko bilkurak, hilabeteko lehenengo eguaztenean, 18:00etan.

Gobernu Batzordea eratzea

Hirugarren puntuan erabaki behar zuten Gobernu Batzordea eratu edo ez. Legearen arabera, 5.000 biztanletik beherako herrietan ez da derrigorrezkoa Gobernu Batzordea eratzea. Dena dela, erabaki zuten Gobernu Batzordea eratzea. Aurrerago, alkateak dekretu bitartez jakinaraziko du zeintzuk osatzen duten batzorde hori. Azaldu zuten, gainera, bi astean behin elkartuko direla.

Batzordeen banaketa

Laugarren puntuan, batzorde informatzaile iraunkorrak osatuta geratu ziren. Hona hemen banaketa hori:

BATZORDEA
BATZORDE BURUA
GAINERAKO KIDEAK
Ogasuna eta Pertsonala
Pedro Iturbe (EAE)
Basili Ormazabal
Hirigintza eta Zerbitzuak
Pedro Iturbe (EAE)
Joxi Beltran, Paco Morcillo, Jose Mari Iturbe, Dina Mujika
Kultura Patxi Olabarria (EAE)
Basili Ormazabal, Pilar Etxaniz
Kirolak eta Gazteria
Andoni Azkargorta (EAE)
-
Euskara eta Hezkuntza
Mari Paz Ugalde (EAE)
-
Gizarte Ongizatea
Mamen Jauregi (EAE)
Dina Mujika, Pilar Etxaniz
Nekazaritza eta Ingurumena
Jose Mari Iturbe (Zutik-EB-Aralar)
Mari Paz Ugalde, Dina Mujika

Ordezkariak izendatzea

Bosgarren puntua: udalbatzaren aginpekoak diren elkarteetan parte hartzeko ordezkariak aukeratzea. Hona hemen zerrenda osoa:
  • Debagoieneko Mankomunitatea: Pedro Iturbe (titularra) eta Patxi Olabarria (ordezkoa).
  • EUDEL: Pedro Iturbe (titularra) eta Patxi Olabarria (ordezkoa).
  • EUDIMA: Andoni Azkargorta (titularra) eta Patxi Olabarria (ordezkoa).
  • UEMA: Mari Paz Ugalde eta Patxi Olabarria (titularrak); Andoni Azkargorta (ordezkoa).
  • Mendi Nekazaritza: Jose Mari Iturbe (titularra) eta Mari Paz Ugalde (ordezkoa).
  • Suradesa: Pedro Iturbe (titularra) eta Jose Mari Iturbe (ordezkoa).
  • Gipuzkoako Ur Kontsorzioa: Pedro Iturbe (titularra) eta Jose Mari Iturbe (ordezkoa).
  • Mizpirualde: Mamen Jauregi (titularra) eta Pilar Etxaniz (ordezkoa).
  • Eskola Kontseilua: Mari Paz Ugalde (titularra) eta Pedro Iturbe (ordezkoa).
  • Bideberri Mankomunitatea: Mamen Jauregi, Pilar Etxaniz, Pedro Iturbe eta Dina Mujika (titularrak); Andoni Azkargorta, Basili Ormazabal, Jose Mari Iturbe eta Mari Paz Ugalde (ordezkoak).

Alkateordeen izendapena

Seigarren puntua izan zen alkateordeen izendapenaren berri ematea. Dekretu bidez zehazten da zeintzuk izango diren alkateordeak. Lehendabizikoa izango da Patxi Olabarria (EAE-ANV) eta bigarren alkateordea Zutik-Ezker Batua-Aralar koalizioko Pilar Etxaniz.

Alkatearen lan-jarduna eztabaidatu zuten

Osoko bilkurako gai eztabaidatuena izan zen alkatearen lan-jardunaren eta soldataren gaineko puntua. Alkateak adierazi zuen bere asmoa dela lan-jardunaren %100 dedikatzea alkatetzari. Urtean 32.000 euro gordin jasoko ditu Iturbek. EAE-ANV alderdiak aurreko astean Bergaran egin zuen prentsaurrekoan iragarri bezala, alkatearen soldata jaitsi egin dute Antzuolan ere. Aurreko alkateak, Jose Angel Zabalok, lan-jardunaren %75era egonda, 34.660 euro gordin urtean jasotzen zituen.

Zutik-Ezker Batua-Aralar koalizioko kideen adierazi zuten egokiagoa litzatekeela lan-jardun oso hori alkateak hartu beharrean, hainbat zinegotziren artean banatzea. Dena dela, gero, bozketaren orduan, alde azaldu ziren, baita EAJko zinegotziak ere.

Paco Morcillo (PSE-EE) abstenitu egin zen eta honako arrazoia eman zuen: "Nahikoa aldeko boto daudenez, nire aldeko botoa beharrezkoa ez denez, abstenitu egingo naiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak