Abenduaren 29an berritu zuen Antzuolako Eusko Alderdi Jeltzaleak batzarra. Urteko batzarrarekin batera, kargu berriak erabaki zituzten, "alderdia berritzeko aspaldiko nahia betez", dio Iñigo Ramirez de Okariz presidente aukeratu berriak. Alderdiaren zuzendaritzan jende berria sartzea izan da jeltzaleen nahia eta, horregatik, presidenteaz gain, idazkaria, kontuhartzailea eta batzordekideak aldatu dituzte.
Iñigo Ramirez de Okariz izango da, beraz, presidente berria, Florentino Lamarianok orain arte izandako kargua hartuta, eta harekin batera jardunean egongo direnak Mikel Larrea, idazkari moduan; Basilio Ormazabal, kontuhartzaile moduan; eta Jesus Agirre eta Florentino Lamariano, batzordekide gisa, ibiliko dira.
Hauteskundeetara begira
Zuzendaritza berriak datozen hileetan izango duen lanik garrantzitsuena maiatzeko hauteskundeak prestatzea izango da. Hain zuzen ere, Jose Angel Zabalok, egungo alkateak, adierazi du nahiago lukeela, osasun arazoak direla-eta, ez jarraitu, baina erabakia alderdiaren esku laga du. Zuzendaritza berriak ez du oraindik erabakirik hartu, eta oraingoz, ez dute batzarra deitzeko datarik ezarri, Ramirez de Okarizek argitu bezala. Lehen pausoa izango da alderdiaren herriko batzarra, eta horren ostean aukeratuko dituzte alkategaia eta zerrenda.