Iñigo Imaz: "Euskal Herrian enpresa artxibo gutxi kontserbatu dira; gutxiago Telleriakoa bezalakoak"

Irati Agirreazaldegi 2009ko ots. 13a, 17:31
Eusko Ikaskuntzak larrugintzako Telleria enpresako dokumentazio fondoa aztertu eta katalogazio lana egin du. Jose Telleria Oiartzabalen enpresak lau gune zituen: Antzuolan, Deban, Bergaran eta Gasteizen. Lanaren nondik norakoak azaldu dizkigu Iñigo Imaz historialariak.

Fakturak, nominak, garraioen gaineko dokumentuak, banketxeetakoak, kontabilitatekoak, kontribuzio eta zergei buruzkoak, Gizarte Segurantzakoak eta baimenak aztertu eta katalogatu dituzte Eusko Ikaskuntzakoek. "Lehenengo lana paper-zorro zaharkituetan gordetako dokumentazioa garbitzea eta txukuntzea izan da. Herdoildutako grapa, klip eta halako elementuak kendu eta zikinkeria, hautsa... garbitu egin dugu. Gero, dokumentazioa identifikatu eta ordenatu egin dugu. Identifikaziorako dokumentazioaren jatorria errespetatu egin da paper-zorroetako etiketetan oinarrituz. Ordenatzerakoan, data eta jatorria kontuan izan ditugu. Dokumentuak kutxetan gorde ditugu eta, kutxa bakoitza errotulatu eta bukatzeko, datu base erraldoia sortu dugu", dio Imazek.


Lana egin arren, herritarrek oraindik ezin dute kontsultatu oraindik lan asko dagoelako egiteke. Iñigo Imazen esanetan, "ez da komenigarria dokumentazioaren bizirautea ez baitago oraindik bermatua. Komenigarria litzateke Udalak konpromiso handiagoa hartzea honen inguruan, larrugintzarekin harreman estua duen herria den neurrian".

Fondo garrantzitsua

Hala ere, fondo honen garrantzia ezin da Antzuolara mugatu. "Gipuzkoan larrugintza enpresa baten dokumentazioa kontserbatu izana gauza bitxia da. Deigarria da Euskal Herri industrializatu honetan ondare industriala deuseztatu dela ikustea, ia arrastorik utzi ez duen industrializazio historikoaren lekukoak aurkitzea miraria da. Antzuolak zorte handia izan du, dokumentazio hori orain agertu delako, ia kasualitatez. Duela hamar bat urte, ziurrenik, dokumentazio hau zakarrontzira botako zuten. Euskal Herri osoan gutxi dira kontserbatu diren enpresa artxiboak, eta gutxiago Telleriakoa bezalakoak, familia enpresa izanik gorde baita", esan digu Iñigo Imazek. Gaineratu du Antzuolako herriak jakin behar duela altxor bat gordetzen duela: "Herriak baino gehiago, erakundeek, beste herri batzuetan gertatu dena errepika ez dadin.

Telleriak sorturiko dokumentazioaren zati bat landu dute, eta ziur daude beste enpresa batzuen agiriak ere egongo direla, agian ganbara edo garaje batean ahazturik. Orain, eurendako premiazkoena da egindako lanarekin jarraitzea, dokumentazioaren %100 lantzeko. Baina beste ekimen batzuk ere jar daitezke martxan herriari ezagutzera emateko. Hori Udalaren esku dagoela esan digu Iñigo Imazek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak