Antzuolari eragiten dion AHTren proiektua bi zatitan dago banatuta, eta lehenengo proiektuarekin egin zutena orain bigarrenarekin egingo dute: proiektua aurkeztu eta alegazioak jaso ostean aurkeztu.
Lehengo eta oraingo alegazioak antzerakoak izango direla jakinarazi digu Pedro Iturbe alkateak: "Ingurumen inpaktua eta zaratak alegatuko ditugu, batetik; bestetik, Olaker lantegiaren inguruko industriagune batean ez dutela kontuan hartu lotune bat; eta San Blas auzorako sarrera-irteerak hobetzeko ez dutela kontuan hartu gerora nola geratuko den".
Baserritik gertu
Bestalde, AHTren aurkako taldeko Fernando Iturbek esan digu kasurik larriena Aritzagabasalde baserriarena dela, euren ustez. "Abiadura Handiko Trena pasako litzateke baserritik hamar metrora, baserria ukitzen, eta baserria zutik mantentzea da asmoa. Trenbidetik hamar metrora bizi izaterik ez da egongo; lanek iraun bitartean ez, noski, eta gero ere ez".
Hortaz, hori da aurkeztuko duten alegaziorik esanguratsuenetariko bat. "Lehengo oinarrizko proiektuak azaltzen zuen nola AHT Goizper lantegiaren atzetik pasako den; baina industria eraikin bat da eta, gainera, distantzia luzeagora pasako da. Hau, ordea, baserri bat da. Alderantziz, trenbidetik hamar metrora etxe bat egiten ez lukete utziko, baina orain baserria zutik mantentzea da proiektuak dioena. Hobe litzateke baserria bota eta inguruan beste bat eraikitzea", esan digu Iturbek.
Gerora etorriko da eraikuntza proiektua eta hori jendaurrean aurkeztu ondoren egongo da nork bere alegazioak aurkezteko aukera.