120 dantzari inguru bildu zituen zapatuan Antzuolan egin zen Debagoieneko Dantzari Egunak. Antzuolako Oinarin, Arrasateko Lore Gazteak eta Arrostaitz, Oñatiko Oñatz eta Soraluzeko Urrats taldeetakoak 10:30ean elkartu ziren, eta kalejiran irten ziren ondoren, herriko hainbat puntutan geldialdiak eginaz.
Dantza saio jendetsua
Bi dantza saio egin zituzten plazan, goizean bata eta arratsaldean bestea. Goizekoan hainbeste jende bildu ez arren, arratsaldekoan ikusle asko egon ziren dantzariei begira. Hala, dantza talde bakoitzak dantza berezi bat aurkeztu zuen. Antzuolakoek esaterako, trokeo dantzak egin zituzten, eta oñatiarrek, Atarrabiako jotak. Bukaeran gainera, larrain dantza egin zuten eta dantzariez gain, ikusleek ere parte hartu ahal izan zuten. Egun guztian zehar laguntzaile izan zituzten bai Arrasateko Gaiteroen Taldea eta baita Antzuolako txistulariak ere.
Dantzari Egunaren antolatzaileak gustura zeuden egunak izan zuen martxarekin. Adierazi zuten helburuak, hau da , dantzari nagusiek urtean zehar egiten duten lana erakutsi ahal izatea, beteta geratu zirela.