Hitzaldia eta omenaldia Antzuolako EAJ-PNVren 100. urteurrenerako

Antzuolako EAJ-PNV sortu zela aurten bete dira 100 urte, eta mendeurrena ospatzeko azaroaren 12rako eta 14rako hainbat ekintza gertatu dituzte.

Azaroaren 12an, eguenean, Simon Arrietaren teloiaren zaharberritzeaz hitzaldia eta tertulia egingo dute 18:30ean Olaranen.

Teloia

Antzuolako EAJren Batzokia orain Ongi Etorri taberna dagoen tokian zegoen eta oso ezagunak ziren han egiten zituzten antzerkiak. Simon Arrieta margolari bergararrak propio egin zuen harako teloi bat. Jatorrian ikurrina bazuen ere, gerra ostean, haren gainean Espainiako bandera margotu zuten. Urte asko ganbara batean pasa eta ia zabortegira bota bazuten ere, 2007an Sabino Arana Fundazioak berritu egin zuen teloia eta Antzuolako EAJtik esan digutenez, "teloia oso egoera txarrean zegoen, baina merezi izan du berreskuratzea".

Egibarren hitzaldia

Azaroaren 14an, berriz, alderdiko kideak eta laguntzaileak omenduko dituzte. 11:00etan meza izango da alderdiko kideen omenez eta gero txistularien agurra Olaranen. 11:15ean "EAJ-PNV Antzuolan (1909-2009) liburua aurkeztuko dute, Antzuolako Uri Batzarrak egina. Ondoren, hitzaldia egingo du Joseba Egibarrek eta gero Udal hauteskundeetan, Antzuolako EAJ-PNVko zerrendetan joan direnei liburua banatu ostean, otordu txiki bat izango da.

Ekitaldi horiekin nahi dute eskerrak ematea afiliatuei, laguntzaileei eta Udal hauteskundeetan EAJren izenean aurkeztu direnei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.