Hiruren arteko lehian Ocampos nagusitu zen Antzuolako plazan

Julen Iriondo 2008ko uztailaren 14a

Domeka eguerdia. Antzuolako plazan jendea zain; jende dezente txirrindulariak noiz iritsiko. Autoen eta motoen ostetik hiru lagun esprintean. Suminan taldeko Adrian Legasa amore ematen aurrenekoa; Markel Anton Seguros Bilbaokoak gehixeago eutsi zion, baina azken metroetan burua makurtu behar; eta Antonek burua makurtzearekin bat besoak gora Aitor Ocamposek. Denboraldiko aurreneko garaipena zuen Belca etxekoak.

Antzuolako lasterketan plazarako sarreran, etxe artean kaleak ezker-eskuin egiten duen horretan ondo kokatzea da gakoa. Plazan aurreneko postuan sartu ezkero oso zaila da inork aurrea hartzea. Ocamposek lortu zuen kokapen on hori, eta horrek eman zion garaipena. Azken metro horiek baino lehen, ordea, helmugan zain geundenok ikusterik izan ez genuen zerbait gertatu zen, Ibarrakoari garaipenerako bidea erraztu ziona.    

Zorte txarra Antonek

Elgeta jaitsita, Antzuolara bidean, Bergara parean erasoa jo zuen Adrian Legasak. Metro batzuk hartu zituen, baina Aitor Ocamposek eta Markel Antonek ondo ulertu zuten elkar haren bila joateko. Erreleboak zintzo emanaz lortu zuten Legasa harrapatzea.

Berriz ere hirukotea bat eginda, helmugarako 800 metro falta zirela Legasaren eta Antonen gurpilek elkar jo zuten, eta Ocamposek tartea egin zuen: "Bestela irabazteko moduan ikusten nuen nire burua. 200 metro galdu ditut hor; hala ere, lortu dut Aitor harrapatzea, baina ez helmuga bere aurretik pasatzea", zioen amaieran nahigabetuta Markel Antonek. Aitor Ocamposek, berriz: "Zerbait entzun dut, baina ez dut atzera begiratu ere egin. Banekien oso garrantzitsua zela herrian aurreneko lekuan sartzea, eta horretan saiatu naiz; topera joan naiz".

19 eta 20 urteko txirrindulariek hartu zuten parte 63. Antzuolako sarian, XVI. Iñaki Leteren oroimenezkoan. Lehendakari txapelketarako baliagarria zen lasterketa, 125 kilometrokoa.
Irten eta Oñatitik bi joan-etorri eginda, Deskarga azpirako dozena bat laguneko taldea geratu zen lasterketa buruan. Talde nagusi guztiek zuten ordezkaritza bertan; beraz, atzean inork lan egin beharrik ez eta argi zegoen garaipena aurrekoen artean egongo zela. Deskargan gora izan ziren mugimenduak, baina indarrak gordetzea ere ez zetorren gaizki, gainetik helmugara 50 kilometro zeuden-eta oraindik, Asentzioko gaina tartean: "Nik banekien indar horiek amaieran beharko nituela esprinterako; mendiko saria ere ez dut borrokatu, sari potoloa nahi nuen", zioen Ocamposek.
Asentzion gora geratu zen argi ze txirrindulari iritsi ziren indartsuen azken kilometroetara. Aitor Ocampos, Markel Anton eta Adrian Legasa geratu ziren lasterketa buruan. Eurak pasatu ziren aurrena mendate pankartatik, eta euren artean erabaki zen lasterketako irabazlea.    

Liderrarekin berdinduta

Lasterketa Ocamposek, baina mendiko saria Antonek irabazi zuen. Taldeka, berriz, Belca izan zen onena. Lehendakari txapelketan Noel Martin da liderra; orain, ordea, Markel Antonekin berdinduta. Martin, gainera, min hartuta dago, eta Anton bera bilakatu da horrela azken sailkapena irabazteko hautagai nagusietakoa: "Uste dut baditudala irabazteko aukerak; Bira amaitu ostean sasoi onean nago", zioen Antonek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak