Aurten hirugarren aldiz aurkeztu dira Antzuolako Pikunieta baserrikoak Ordiziako gazta lehiaketara eta Idoia Azkarate Pikunieta baserrikoak esan digu, sariarekin pozik itzuli direla etxera. Errekonozimendu handia izan da eurentzat, izan ere, 67 gazta aurkeztu ziren lehiaketara eta hainbesteren artetik hirugarren geratzea, emaitza oso ona da.
Baina Ordiziako gazta lehiaketan aurkezteaz gain, beste batzuetan ere hartzen dute parte, batez ere inguruko herrietakoetan.
Pikunietakoek ogibide dute gaztagintza eta dagoeneko 20 urteko ibilbidea dute.
Gazta ekologikoa egiten dute Pikunietakoek, eta horixe da duen berezitasunik handiena. Horretarako, dituzten 120 ardiei elikagai ekologikoak ematen dizkiete.