Argazkiak egileari buruzko ageriko datu barik aurkeztuko dira, baina argazki bakoitzari atzeko aldean izenburua ipinita. Argazkiaren izenburuarekin eta maila zehaztuz kartazal itxia gehitu beharko zaio irudi bakoitzari parte-hartzailearen datu guztiekin.
Hiru maila
Lehiaketa hiru mailatan bereizi dute. Lehenengoa 6 eta 12 urte bitartekoendako, alegia; bigarrena 13 eta 18 urte arteko gazteendako; eta hirugarrena, 19 urtetik gorako antzuolarrendako.
Argazkiak 30x40 zm-ko neurria duen krema edo beige koloreko kartoi finezko euskarrian aurkeztu behar dira. Barruko argazkiaren tamaina, berriz, 25x35 zm-koa izango da gehienez.
Lanak koloretan edo zuri-beltzean aurkez daitezke eta edozein gai aukeratu ahal izango du parte-hartzaile bakoitzak; gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu.
Argazki munduko adituek osatuko dute epaimahaia eta lanak baloratzeko kontuan izango dituzte kalitate teknikoa eta artistikoa eta adierazteko orijinaltasuna. Hauen erabakiak azaroan Olaran etxean egingo duten sari banaketan jakinaraziko dituzte eta gero argazki guztiak ikusgai izango dira Olaranen.
Lehen mailako lehenengoak 20 euro irabaziko ditu eta bigarrenak 15 euro. Bigarren eta hirugarren mailetan lehenengoek 150na euro jasoko dituzte eta bigarrenek 90na euro.
Udaletik herritarrak animatu nahi dituzte argazki lehiaketan parte hartzera.