Herritarrek eginda eta herritarrentzan, I.Arte Maratoia Antzuolan

Miren Arregi Amasorrain 2008ko eka. 4a, 18:48
Herritar baten iniziatibaz eta hark bultzatuta, Arte Maratoia hasiko dute egubakoitzean Antzuolan. Herriko artisten lanak erakusgai ipiniko dituzte herriko hainbat tabernetan, bi kafetegietan eta Ibarre nekazal turismoan. Guztira herriko 15 artistek ipiniko dituzte euren lanak erakusgai. Besteak beste ipiniko dituzte marrazkiak, pintura argazkiak edota eskultura.

Maite Telleriak izan zuen iniziatiba eta udaletxera zuzendu zen zer egin zitekeen galdezka. Udaletxeko kultura batzordeak oso begi onez ikusi zuen Telleriaren asmoa eta orain, hasieran asmo soila zen hura, errealitate bihurtuko dute.

Egubakoitzean hasita eta hilaren 15era arte, tabernak, kafetegiak zein nekazal turismoa artez josiko dituzte Antzuolan. Herriko artez gainera, herritarren artelanez. Helburua, herritarrentzat eta herritarrekin egindako artea bultzatzea, herriko artistak ezagutzera ematea, eta ohiko erakusketetatik at artea ezagutaraztea.

15 parte hartzaile izango dira, guztiak ere herrikoak, eta 11 erakustokiz osatutako ibilbidea egin dute. Erakusketa ikusteko aukera, erakustoki bakoitzaren ohiko ordutegian izango duzue.

Ostalarien aldetik ere jarrera oso ona izan dela adierazi dute, eta oso prest azaldu zirela hasieratik, ekimenarekin bat egiteko eta taberna, nekazal turismo zein kafetegiak erakustoki moduan ipintzeko.

Parte hartzaileek ipiniko dituzten artelanen artean daude, eskulturak, pinturak, marrazkiak, argazkiak eta baita bonsaiak ere.

Aurten lehenengo urtea izanik, egitasmoak izaten duen harreraren arabera, datozen urteetarako aldaketak egingo dituzte, beharrezko ikusten badira, noski. Argi dutena da, aurrerantzean urtero egingo duten egitasmoa izango dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak