Pedro Iturbe alkateak adierazi duenez, herriko jolas-guneen egoera aztertu, zein behar dauden ezagutu eta horri konponbidea eman nahi dio Udalak. “Hiru enpresarekin harremanetan jarri gara eta egunotan etorriko dira herrian ditugun jolas-guneak ikustera; horrela, azterketa orokorra eta txostena egingo dituzte zein behar dauden zehazteko. Behin hori ikusita, aurrekontuak egingo dizkigute”, adierazi du Iturbek. 2008ko udal aurrekontuetan sartuko dituzte jolas-guneak berritzeko lanak.
Kasu batzuetan, nahikoa izango da garbiketa batekin, beste batzuetan jolas batzuk bakarrik aldatu beharko dira eta beste batzuetan gune osoa berrituko dute. Udalak, baina, eskola aurreko guneari ematen dio lehentasuna. Gaur egun, sei jolas-gune daude herrian: Beheko auzoan, Herri Ikastetxearen aurreko aldean, Kalegoin, Antiguan, Ibarren eta Errekalden.