Herriko iturrien gaineko ikus-entzunezkoa Olaranen

Irati Agirreazaldegi 2008ko urr. 21a, 11:17
Antzuolako iturrien gaineko ikus-entzunezkoa eskainiko du Jose Mari Iturbek gaur, martitzena, 18:00etan Olaran etxean. 58 iturrien argazkien bitartez erakutsiko du nola aurkitu zituen eta nola dauden egun.

Betidanik izan du Jose Mari Iturbek iturriekiko interesa. "Arrolan ibili nintzenean konpondu genituen hainbat. Ondoren, Udalean sartu nintzenean, asmoa azaldu zen beste batzuk konpontzeko. Gainera, Abiadura Handiko Trenaren obrak direla eta badago arriskua iturri batzuk galtzeko; batzuk galdu dira jadanik; horrek kezka sortu eta pentsatu nuen galdu aurretik denak ezagutu behar nituela".

Kezka horrek bultzatuta Antzuolako mapan agertzen diren iturriak ezagutzen hasi zen. "Asko ezagutzen nituen aurrez eta mapa hartuta ibili nintzen bila. Aurkitzen ez banituen inguruko jendeari, baserritarrei, lurjabeei, aitari… galdetu eta haiek emandako erreferentziekin bueltatzen nintzen; horrela ere aurkitu ezean euretakoren batekin joaten nintzen tokira. Jendea gertu egon da azalpenak emateko. Egon da kontu honekin nenbilela jakinda euren etxe ondoan iturria zegoela esan didanik, eta horrela aurkitu ditut batzuk".

Sasi artean eta lurpean

Iturriz iturri ibili denean batzuk egoera onean aurkitu ditu, besteak nahiko gaizki. "Batzuk sasi artean gordeta zeuden; Otain eta Irular iturriak lurpean. Irular, inguruko jendeari galdetuta ere kosta egin zitzaigun aurkitzea. Altamira baserrikoak esan zigun ura nondik irteten zen eta aitzurrekin joanda atera genuen. Udaletxetik jardun dugu iturriak txukuntzen eta batek baino gehiagok horren berri izan duenean euren etxe ingurukoak txukundu ditu", esan digu Iturbek.

Askotariko iturriak aurkitu ditu eta guztiek berezitasunen bat dutela dio Iturbek: "Batzuk politak dira, besteak leku berezian daude, besteek ur goxoa dute, besteak metal ura... bakoitzak du bere berezitasuna. Esaterako, futbol zelai inguruan daude lau iturri era berdinean egindakoak: Aldabe, Zupide, Irular eta Frantses iturria".

Beste batzuk sinpleagoak direla dio: "Olamendiko osabarekin Ipurtika aldera, Kanterazar iturrira joan nintzen. Osabak esan zidan iturriak teila bat zeukala garai batean, eta han aldamenean aurkitu genuen teila; sinplea baina berezia hura ere".

Herritarrendako ezezagun

Jose Mari Iturbek berak bai, baina herriko jendeak iturriak ezagutzen dituen galdetuta esan digu lehen jende asko joaten zela iturrietara eta adinekoek ezagutzen dituztela, gazteek, ordea, gutxi batzuk baino ez. "Herrian batzuk ezagunagoak dira. Pagapekoa ezaguna da eta polita. Kalebarrenetik joaten zen hara ur bila jendea. Fabriketatik ere joaten zen iturrietara jendea. Gu ere baserritik, Idalatorretik, Idalako iturrira joaten ginen eta baserrian lanean genbiltzanean baten bat ura ekartzeaz arduratzen zen. Orain ere badago jendea kloratutako ura ez edatearren Kalebarreneko edo Aldabeko iturrian ura hartzen duena", esan digu.

Denera 58 iturri aurkitu ditu. "Zerrendan 49 zeuden, hortik bost desagertuta daude eta bat ez dut aurkitu. Bestalde, 14 berri azaldu dira". GPSarekin datuak jaso ditu aurrekoendako erreferentziak uzteko. "Orain katalogatu, mapan zuzenketak egin eta jende nagusia falta denerako informazioa hor geratuko da jasota".

Iturri txikiak handiak beste kentzen omen du egarria eta Jose Mari Iturbek herritarrek iturrien gainean duten jakin mina aseko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak