Uztailean hasi zituzten Antzuolako mendebaldeko sarrera egokitzeko lanak. Gipuzkoako Diputazioak Antzuolako errepideen egoera hobetzeko egindako planaren parte dira lan horiek.
Mendebaldeko sarreran aldaketak
Mendebaldeko sarrera inguruan egiten diharduten lanek aldaketa ugari ekarriko dituzte sarrera horretan. Hasteko herri barrura sartzeko eskuin aldean dagoen biribilgune erdia desagertu egingo da. Hori horrela herrirako sarrera Uzarraga auzorako errepidearen bitartez egingo da. Horretarako, baina, zubi berria egingo dute, zabalagoa. Kalebarrengo zubia ere egokitu egingo dute, handik automobil mordoa sartuko dira eta.
Bariantean egiten diharduten lanekin, bestetik, errepidea zabalago egingo dute. Izan ere herrirako sarrera erosoagoa izan dadin gaur egun dauden bi erreien artean azelerazio errei bat egingo dute.
Herritarren kezka
Lan horien ondorioz mendebaldeko sarrerako biribilgune erdia estutu egin behar izan dute orain eta herrirako sarrera lehen ere arriskutsu samarra bazen, orain maniobra are arriskutsuagoa da.
Herritar asko kexu dira autoak errepidearekiko paralelo geratzen direnez, errepidean aurrera jarraitzen duten autoak ikustea oso zaila delako. Biribilgune erdia estuagoa denez, gainera, askotan autoaren zati batek errepide nagusiaren parte bat hartzen duela salatu dute. Hori horrela, herritar askok nahiago izaten du biribilgune erdian sartu gabe zuzenean eskuinetara okertzea herri barrura sartzeko
Badirudi, oraingoz behitzat biribilgune erdiak bere horretan jarraituko duela. Espero da sarrera guztia aldatuko duten lan horiek datorren urte hasierarako amaituta egotea.