Hasi dira gertatzen Trikitixa Egunerako kamisetak

Irati Agirreazaldegi 2009ko martxoaren 20a

Apirilaren 25ean, zapatua, Antzuolan izango den Debagoieneko Trikitixa Egunerako kamisetak gertatzen hasi dira antolatzaileak.

Debagoieneko, Soraluzeko eta Zumarragako musika eskoletara kamiseten ereduak bidali dituzte eta herri bakoitzean zenbat behar dituzten dakitenean kamiseta denak eskatuko dituzte antzuolarrek.
Hiru motako kamisetak izango dira. Emakumeendako kamisetak bi koloretakoak (zuriak eta beltzak) eta Aitor Divasson eibartarrak egun horretarako propio egindako irudia kamisetaren barrenean izango duena; eta umeendako eta gizonezkoendako beste bi modelo urdinak eta beltzak eta irudia maukan dutenak. Kamiseta guztiak mauka motzekoak izango dira.
Musika eskoletan kamisetak banatzeaz gain, egunean bertan ere salgai ipiniko dituzte hamar euroren truke.

Trikizio arratsaldean

Kamisetak ez ezik, Debagoieneko Trikitixa Egunerako egitaraua ere ia gertu daukate antolatzaileek; azken ukituak ematea baino ez zaie falta eta horretan dihardute. Musika eskoletako trikitilariek jardungo dute herrian barrena trikiti doinuak zabalduz. Bestalde, aurreratu digute arratsalde parterako Trikizio taldearen emanaldia izango dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak