Gizonezko bat atxilotu dute ustez koinatua zauritzeagatik

Irati Agirreazaldegi 2007ko api. 12a, 12:21
Ertzainek gizonezko bat atxilotu zuten martitzenean Antzuolan biktimaren etxera sartzeko atea aizkoraz jo ostean, ustez koinatua zauritu zuelako.

Bergarako Ertzain etxeko agenteek 70 urteko S.T.L. gizonezkoa atxilotu zuten martitzen goizean ustez bere koinatuari beso batean zauri arinak egiteagatik. Biktimaren etxera sartzeko atea aizkora batez jo zuen.

Eguerdiko hamabiak aldera, Antzuolako etxebizitza batean arma zuriz erasoa izan omen zela jakinarazi zioten Ertzaintzari. Patruila bat bertaratuta, eskuetan aizkora bat zeraman gizonezko bat aurkitu zuten etxe horretatik gertu.

Horren esanetan, arazoak izan zituen koinatu batekin. Aizkora kendu ostean, agenteek baieztatu egin zuten atxilotua bere senidearen etxera joan zela eta eztabaida izan zutela. Elkarrekin borroka egin eta gero, etxeko bizilagunak atea ixtea lortu arren, koinatuak beso batean zauritu zuen, aizkora hori baliatuz antza.

Erasotzaileak, gainera, atean kolpeak ematen jarraitu zuen, eta kalte ugari egin zituen bertan; kristal bat ere hautsi zuen.

Ertzainek gertakarien egilea atxilotu zuten, lesio delitu bat egotzita, eta zauritua, berriz, Arrasateko ospitalera eraman behar izan zuten beso batean zuen ebakia sendatzera. Atxilotuak agintari judizialaren aurrean agertu beharko du laster.

Dirudienez, herentzia kontu batek sortu zuen bi senideen arteko liskarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak