Hasieran arratsaldez egon arren, gerora, gaztetxoek eskatuta, zapatu gauetan ere zabaltzen hasi ziren. Gaueko zerbitzuaz gain, beste berrikuntza bat izan da: hezitzaile taldea herritarrek osatua izatea.
Balorazio orokorra positiboa izan bada ere, gabeziak antzeman dituzte: "Errekaldeko lokala txiki geratu zaie eta hotza da. Gainera, baliabide ekonomikoek ekintzak mugatu egin dituzte", esan digu Lierni Legorburu Hezkuntza teknikariak.
Gustura egoteko lokala
Errekaldeko lokalean egin dituzten ekintza gehien. Legorburuk esan digunez, "gazteek batik bat nahi dute gustura egoteko toki bat". Errekalden ez ezik, herriko ekintzetan ere hartu dute parte: Euskararen Egunean, Inauterietan, Gabonetan, Korrikan... Ikasturte amaieran ere irteera egin zuten Orioko kanpinera gazteek.
Ikasturtea amaitu bada ere, jadanik hasi dira gazte txoko berrira begira. Lokala Eguzki auzoko gimnasio berriaren ondoan egongo da eta oraingoa baino askoz handiagoa izango da. Gazteek eurek egokituko dute, lokala margotuz eta euren erara atonduz. Asmoa da urrian lokal berrian haste eta irailean egingo dute begiraleendako deialdia.