Gaurtik aurrera autobus geltokia Olaranen egongo da

Irati Agirreazaldegi 2008ko mai. 5a, 10:59
Kalegoin zoru berria jartzeko egin behar zituzten obrak zirela medio autobus geltokietan aldaketak izan ziren. Zumarraga aldera joaten diren autobusendako Antiguan ipini zuten geltokia, eta Bergara alderakoendako Olaranen.

Obrak amaitu zituzten arren hilabete pasatxoan mantendu dute orduan egindako geltoki aldaketa. Horrela, besteak beste herri barruko zirkulazioa arindu dute denbora tarte horretan; izan ere, aurrez herri osoa zeharkatu behar zuen autobusak, eta bidean gaizki aparkatutako autoek arazoak sortzen zituzten zirkulazioa oztopatuz, sarritan ezin pasatuta ibiltzen baitziren autobusak eta autoetan ere kalteren bat edo beste eragin zuten.

Aldaketa horien harira erabiltzaileek udalean eskariak egin zituzten autobus geltokiak lehen bezala ipintzeko. Gainera, Antiguako geltokiaren egoera ez zen batere egokia, sarrera baten erdian egoteak zekarren arriskuaz gain, aterperik ere ez zeukan. Hortaz, erabaki dute gaurtik aurrera Olaranen izatea geltokia, bai Zumarragarantz doazen autobusendako eta baita Bergararantz doazenendako ere.

Sagastiko Biribilgunea

Geltokietan gaurtik aurrera aldaketa egingo badute ere, autobusen ordutegia lehengoan mantenduko dute.

Bestalde, aurreikuspenen arabera, aurrerago izango da beste aldaketarik geltokiei dagokienez. Sagastin egitekoak diren biribilgunearen planoak esku artean dituzte eta lan horiekin arau aldaketak etorriko dira, alkatearen esanetan. Hortaz, baliteke geltokiaren kokapena ere aldatzea; bai obretan dihardutenean eta baita biribilgunea egin ostean ere. Hala ere, lan horiek luzerako joko dute oraingoz alkatearen esanetan. Izan ere, oraindik Foru Aldundikoek moldaketak egin ditzaketela uste dute udalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak