Gabonak ekitaldiz beteta datoz

Irati Agirreazaldegi 2008ko abe. 17a, 16:43
Gabon jaien harira hainbat ekintza antolatu dituzte herrian datozen egunetarako. Aisialdia osatzeko nahikoa aukera izango da herritik kanpora joan gabe ere.

Abenduaren 22an erretiratuek hasiko dituzte ospakizunak. 17:00etarako txistorra jana iragarri dute Landatxopen eta ondoren kina egingo dute.

Gabonetan ezin Olentzero falta eta eskolako umeen eta gurasoen eskutik goizean izango da Olentzeroren kalejira. Arratsaldean, 18:30ean San Josetik jaitsiko dira Olentzero eta Mari Domingi argi-zuziz inguratuta  idiek tiratutako gurdian. Herriko hainbat kale pasako dituzte herritarren kantuz lagunduta eta kalejira amaituta plazan egingo dute ekitaldia. Umeek, gazteek eta erretiratuek emanaldiak egingo dituzte. Ondoren luntxa egongo da eta jasotzen den dirua presoen alde izango da.

Pailazoak eta kantua

Umeak oporretan direla aprobetxatuz, abenduaren 26an, egubakoitzean, Poxpolo, Mokolo eta konpainia pailazoen emanaldia izango da pilotalekuan 18:00etan.
Umeen barre algarei kantuek hartuko diete lekua hilaren 27an. Anelkarrek, abesbatzak, dantzariek eta herriko koadrilek antolatuta Gabon kanta jaialdia izango da 18:30ean parrokian. Brasilen lanean ibili ostean, aurten  hil den Juan Antonio Lizarralde misiolariaren omenez izango da.

Urtea amaitzear dela urtean egin diren ekintzen argazkiak ikusgai ipiniko dituzte Olaranen. Erakusketa izango da abenduaren 27an eta 28an eta urtarrilaren 3an eta 4an 12:30etik 14.00etara eta 18:30etik 20:30era.

Argazkiek izango dute beste txoko bat, bidaia argazkiek hain zuzen ere. Antzuolarrak munduan ekimenaren barruan Kepa Igarzak Guatemalako argazkiak erakutsiko ditu abenduaren 29an, Olaran etxean, 18:30ean.

Puzgarriak frontoian

Gabonetako oporretan umeendako parkea ere izango da urtarrilaren 2an. Puzgarriak izango dituzte pilotalekuan 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak