Futbol taldeko zuzendaritza berria hasi da lanean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko urr. 15a, 13:13

AKE taldeak zuzendaritza berria dauka iraila ezkero. Azkeneko urteetan lanean ibili den taldeak elkartea lagatzeko asmoa zuela ikusita, hainbat herritarrek hartu dute elkartearen ardura. Abuztuan hasi ziren lehenengo harremanak egiten.

"Taldea desagertzekotan zegoen. Lau jokalari eta bi guraso elkartu ginen eta federaziora deitu genuen fitxak noiz arte egin ahal genituen galdetzeko", adierazi dute zuzendaritza berriko kideek. Deialdia zabaldu, eta 15 laguneko zuzendaritza taldea osatu dute: Tomas Agirre da presidentea. Gainerako kideak dira: Gaizka Asensio, Patxi Kortabarria, Marisol Altube, Amaia Azkarate, Pako Cabrera, Begoña Egaña, Pablo Olalde, Patxi Godoy, Lorenzo Iturbe, Gurutz Madariaga, Jesus Zubikarai, Andres Arbulu, Nerea Ruiz eta Jesus Gardoki.

Entrenatzaile berria bilatzea

Zuzendaritza taldeak izan zuen lehenengo lana entrenatzailea bilatzea izan zen: Juanina Garai. Zuzendaritza pozik dago entrenatzaileak egindakoarekin, eta gaineratu dute taldean oso giro ona nabaritzen dutela, mutilak oso pozik daudela.

Helburua, harrobia egitea

Euren helburu nagusia taldea mantendu eta aurrera egitea da. "Orain dela zazpi urte, esaterako, bost talde zeuden Antzuolan", diote. Hortaz, maila txikiekin lanean hasi eta etorkizunean lehen zuten egoerara itzuli gura dute. "Orain, erregional mailako taldea atera dugu, eta infatiletan talde bat osatzeko beste jokalari ez dugunez, zortziko futbol taldea atera dugu. Asmoa da datorren urtean kadete mailako taldea ateratzea", diote zuzendaritzako kideek.

Egoera ekonomia ez da ona

Taldea hartu dutenean konturatu dira egoera ekonomikoa ez dela ona; ondorioz, dirua jarri behar izan dute hainbat zor ordaintzeko. Elkarteak dituen diru sarrerak dira: bazkideen kuotak, tabernako dirua, zozketak, babesleak eta dirulaguntzak. Antzuolak etxean jokatzen duenetan txartelak zozketatzen dituzte, bai zelaian eta baita kalean ere. Hauxe zozketatzen dute: okela, ardoa, afaria... Gainera, dagoeneko salgai dute aurtengo Gabonetako Loteria ere. 

Partidua, bihar 16:15ean

Eztalako partiduetara zale asko joaten direla diote. Hala, eskerrak eman gura dizkiete eta, bide batez, bihar Oriokoren aurka jokatuko duten partidua ikustera animatu (16:15ean).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak