Futbol taldeak batzar orokorra egingo du datorren uztailaren 30ean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko uzt. 22a, 17:51
Antzuola futbol taldeak batzar orokorra egingo du datorren egubakoitzean, uztailaren 30ean. Hainbat gai izango dituzte mahai gainean, baina garrantzitsuena datorren denboraldirako aurreikuspena izango da.

Batzar orokorra Olaranen izango da; lehenengo deialdia 18:30erako egin dute eta bigarrena 19:00etarako. 

Emaitzak aztertuko dituzte

Jose Angel Fenandez lehendakariak adierazi du aztertuko dituztela aurtengo denboraldiko emaitzak; bestalde, aurrekontuak onartuko dituzte; eta, amaitzeko, denboraldi berriko aurreikuspena egingo dute. Fernandezek gaineratu du zuzendaritza taldean lan egiteko jendea behar dutela.
Gaur egun lau lagun daude zuzendaritza taldean: Jose Angel Fernandez, Pablo Olalde, Patxi Godoi eta Cruz Madariaga. Hortaz, laguntza eskertuko dutela azaldu du Fernandezek.

Entrenatzaile bila dabiltza

Erregional preferente mailan entrenatzaile lanetan ibili diren Igor Larrea eta Ibon Unanuek utzi egingo dute entrenatzaile postua. Hori horrela, zuzendaritza taldea entrenatzaile berriaren bila dabil.
"Txarrena da ez dugula gazte mailako taldea izan; hortaz, ez dugu behetik igotzeko inor", dio Fernandezek.

Denboraldi berrirako jokalariak

Denboraldi berriari begira jokalariak badituzten galdetuta, Fernandezek dio denboraldia hasteko lain badituztela, baina lau edo bost jokalari berri ekarri gura dituztela. Euren nahia da uztaila bukaeran hastea entrenamenduekin.

Lau talde osatu nahi dituzte

Denboraldi berriari begira lau talde osatu gura dituzte: talde nagusia, gazte mailakoa, nesken taldea eta infantil mailako taldea. "Egiteko asko" dituela dio Fernandezek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak