Frontoiko komunak itxi egingo dituzte

Irati Agirreazaldegi 2009ko mai. 27a, 17:26
Azken aldian Udal Pilotalekuko komunetan norbait sua egiten ibili da. Hau da, komuneko papera pilatu eta pilotaleku barruan sua ematen. Hortaz, ezer larria gertatu baino lehen neurriak hartzea erabaki du Udalak.

Horretarako, komunak itxi egingo dituzte, eta aurrerantzean, arazoari irtenbiderik aurkitu ezean, horrela jarraituko dutela jakinarazi dute Udaletik.

Gainera, pilotalekua ez da herrian azken aldian sua egin duten leku bakarra. Eskola inguruan ere sua egiten ibili da norbait eta Olaran Etxeko txirrina ere petardoz lehertu du baten batek.

Neurriok hartzeaz gain herritarrei Udaletik eskatu nahi diete zentzudun jokatzeko, ez Udal eraikinak direlako bakarrik: "horrelako ekintzak hasieran jolas tontoa izan arren arriskutsuak dira eta zerbait larria gerta daiteke", diote Udaletik.

Eguzki plakak

Bestalde, Udalak hitzarmena sinatu berri du Energiaren Euskal Erakundearekin Udal pilotalekuko teilatua hamabost urterako lagatzeko han sare elektrikora konektatutako bost kw-eko eguzki planta fotovoltaikoa ipini ahal izateko.

Udalari interesgarria iruditu zaio gizartea sentsibilizatzea energiaren alorreko teknologia berrien inguruan eta bat egin du  Energiaren Euskal Erakundea garatzen diharduen energiaren arrazoizko erabilera eta energia berriztagarrien ustiapena bultzatzeko eta sustatzeko egitasmoarekin.

Informazio panela

Instalazio horretaz gain, datu teknikoen jarraipena egiteko plikazio informatikoa ere beharrezkoa izango da frontoian.

Informazio panela ere ipiniko dute instalazioaren datu orokorrak zein unean uneko datu zehatzak emateko; eta energia berriztagarrien aplikazioen gaineko mezuak ere agertuko dira panel horretan herritarren interesekoak izan daitezkeenak.
Gainera, ikasle eta irakasleendako gaiaren inguruko material didaktikoa ere banatuko dute.

Behin hitzarmena sinatu ostean Energiaren Euskal Erakundeak konpromisoa hartu du urtebeteko epearen barruan instalazioa egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak