Ipini duten belarrak baino gehiago, oinarriak du berezitasuna. Futbol zelaietarako erabiltzen den sistema berria da. Belarra ipintzeaz arduratu den Poligras Iberica enpresako Alvaro Perez de Amezagak hauxe esan digu: "Belar artifiziala asfaltozko oinarriaren gainean ipini beharrean, oinarri granulometrikoa erabili dugu; hau da, zimenduaren azpiko hartxintxarrak granulometria zehatza izan behar du, eta hori kontrolatu dugu. Horri produktu berezi bat gehitu diogu, erretxina iragazkorra; oinarri pikortsua egonkortuz, eta asfaltoa saihestuz". Lanen aurrekontua 149.000 euro izan da.
Sistema horrekin zelaia ez da laua izango erabat. "Ez da perfektua izango, baina belar naturaleko zelaiekin antzekotasun handiagoa izango du, naturalagoa izango da", dio Perez de Amezagak. Gaineratu du Gipuzkoan oinarri horrekin egin den lehen futbol zelaia dela. "Belar mota hori erabili da Bergaran eta Arrasaten, esaterako, baina oinarria ez".
Belar artifiziala edo ilea, zapaldu eta berehala jatorrizko egoerara bueltatzen dela esan digu Perez de Amezagak; hortaz, futbol zelaiak itxura naturala izango duela eta asfaltorik eta betunik erabili ez dutenez, "ekologikoagoa" dela.
Korrika egiteko pista laster
Futbol zelaia gertu da eta kanpoko pista ahalik eta lasterren egitea da asmoa, baina horretarako, makinak gertu egon arte itxoin beharko dute. "Hiru edo lau egunetan egiteko moduko lana da; hortaz, denboraldi berria hasterako Eztala guztiz itxura berrituta izango da", dio Perez de Amezagak.