Jokalariak hasiak dira entrenamenduetan eta eguaztenean Aloña Mendi taldearen aurka lagun arteko partidua jokatu zuten erregional preferente mailakoek. Hasieran nahiko berdinduta izan zen partidua, baina berehala erakutsi zuen nagusitasuna Oñatiko taldeak baloia kontrolatuz eta joko azkarra eginez. Lehen zatia amaitu aurretik sartu zutn lehen gola Aloña Mendikoek eta bigarren zatiaren hasieran penalti bidez berdinketa lortu zuten antzuolarrek. Baina minutu batera bigarren gola sartu zuten oñatiarrek Antzuolakoen atean. Amaierarako 15 minutu falta zirela sartu zuten hirugarren gola Aloña Mendikoek eta partidua borobiltzeko-edo azken hiru minutuetan iritsi zen Antzuolakoen bigarren gola.
Inaugurazioa
Ligako lehen partidua, ordea, zapatuan jokatuko dute erregional preferentekoek Elgoibarko taldearen aurka. Partidua 16:30ean izango da, aurretik, baina, futbol zelai berrituaren inaugurazio ekitaldia egingo dute.
Antzuola Kirol Elkartekoek orain arte taldeko presidente izan direnei oroigarri bana emango diete euren lana eskertuz.
Ohorezko sakea
Bestalde, Antzuolako Udalak Juan Luis Larrea Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea gonbidatu du ekitaldira Federazioak laguntza eman duelako futbol zelaia berritzeko.
Gainera, Udaletik erabaki dute, partiduko ohorezko sakea Gurutz eta Koldo Madariagak egitea eurak izan baitziren Antzuola Kirol Elkarteko futbol saileko lehen arduradunak.
Liga zapatuan hasiko badute ere, Jose Angel Fernandez egungo presidenteak esan digunez, "talde lehiakorra da erregional preferente mailakoa eta gure asmoa da maila mantentzea eta ahal dela gora egitea".
Presidenteak begi onez ikusten du taldea baita Iban Unanue entrenatzaileak zelaia ere. "Alde handia dago hartxintxar gainean luze jokatu ala belar gainean jardun, baina aldea onerako da. Zelai berrira ohitu beharko dugu piskanaka, izan ere zelai berriak futbolean gogotsuago jokatzea eskatzen du, gehiago mugitzea. Gainera, zelai berriak denoi eman digu ilusioa", esan digu.