Ezkontzetan ere dantza egiten ez dutenak, guatekean dantzari

Jon Berezibar 2008ko uzt. 14a, 14:23
Antzinako doinuekin gerria mugituz ere elkartasun proiektuetarako dirua bil zitekeela otu zitzaien Anelkarrekoei. 60 hamarkada aukeratu zuten erritmoa jartzeko. Eta ezin izan zuten ideia hoberik izan. "Ezkontzetan ere dantza egiten ez dutenek egin zuten dantza!" dio pozarren Antonio Deograciasek. Hark egin zituen zeremoniako maisu lanak eta egindako musika aukeraketarekin goizaldeko ordu biak pasatxo arte denboraren makinan dantzari jardun zuten 200 antzuolarretik gora.

Dantzarako gosea zegoela aitortzen du Anelkarreko kide den Kontxi Laskurainek. Afaldu eta gertatuta zeukaten kanta saiorako astirik ere ez zuten izan jendea amorratzen zegoen-eta dantzalekura irten eta La Yenca, Los Brincos edota Eva Mariarekin hezurdura astintzeko. Deogracias dj-ak dio makina bat urte badirela Antzuolan holakorik ikusi ez dela: "15 urtekoekin hasi eta 70ekoetara, jende guztia zegoen dantzan". Kontxi Laskurainek ere pozarren deskribatzen du bertan egondako giro "sanoa". Zera eransten du elkarteko kideak: "harritzekoena da espero baino askoz ere jende gehiago etorri zela eta gainera 60ko itxuraz mozorrotuta. Horrela jantzita ez zetorrenak arreta ematen zuen".

Helburuak beteta

Afaria eta guatekea egin zituzten. Gura zuenak 20 euroren truke afaldu eta guatekera joan zitekeen eta dantzaldia bakarrik gura zutenek 5 euro ordaindu zuten. Kontuak kontu, afaritan 130 jatun izan ziren eta haiei, dantzaldian, beste 70 lagun batu zitzaizkien. Esan daiteke beraz, ideiak arrakasta izan zuela eta horrelakoetan nahitaezko galdera da ia errepikapenik egongo den. "Jendeak esan digu berriz ere egin behar dela, baina, ikusi beharko, bigarren zatiak ez bide dira-eta onak izaten, urte pare bat barru ikusi behar", azaltzen du Kontxi Laskurainek.

Arrakasta beraz, eta lehen helburua – diru bilketa – beteta. Sarrerako diruarekin eta bertan salgai ipini zituzten 60ko musika  bildumen CDekin 1.200 bat euro atera dituzte garbi Brasilen, Senegalen eta zenbait misiotan laguntza emateko. Ondo banatuko dute hortaz dirua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak