Extremadurako ogi-mamiek eta erroskilek arrakasta izan dute gaur Antzuolan

Mirian Biteri 2010ko mar. 14a, 20:30
Arrasateko Corazon de Encina elkarteko lagunak Antzuolan izan dira gaur goizean, Extremadurako gastronomia ezagutarazten. Herriko plazan gertatutako jaki guztien artean, extremadurar erara prestatutako ogi-mamiak eta erroskilak izan dira harrera onena izan dutenak.

Elkarteko kide Esteban Sanchezek eta Juan Carlos Bañuelosek ogi-mamien sekretua azaldu digute han: "Hamar ogi-zaku ekarri ditugu eta oaingoz zazpi erabili ditugu. Lehenik eta behin, ogia ura, gatza eta olioarekin egiten dugu; beste lapikoetan, urdai frijitu eta xingarra, piperrak eta berakatzak erretzen ditugu, eta dena gertu dugunean, batera zerbitzatzen dugu". Ogi-mamiak debalde banatu dituzte, eguerdi partean, herriko plazan bildu direnen artean. 

Ogi-mamiez gain, bestelako produktuak probatzeko aukera ere izan da. Horiek, baina, ordaindu behar izan dira. Bañuelosek eta Sanchezek esan digute egun horretarako egindako 400 erroskilak azkar saldu dituztela, bakoitza euro baten truke. Urdaiazpiko iberikoa eta ahuntz-gazta ere egon dira; lehena, platera zortzi eurotan, eta bigarrena, euro batean pintxo bakoitza. Momentuan bertan erretako txitxi-burruntziek ere usain ederra zuten. Corazon de Encinakoek 30 kilo zituzten eta 13:30ean 20tik gora zituzten salduta, 1,5 euroren truke. 

Balorazio positiboa

Elkartekoak pozik daude jaialdiak izandako harrerarekin: "Egiten duen eguraldiarekin jende nahiko etorri da eta hortaz, ekimenaren balorazio positiboa egiten dugu. Arriskutsua da jaialdia neguan egitea baina, ogi-mamiak garai horretan jatekoak dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak