Euskal Herrian Euskaraz-ek erakusketa egingo du asteburuan

Aintzane Irizar 2007ko mar. 23a, 12:28
Euskal Herrian Euskaraz taldeak egiten duen lanaren gaineko informazioa herritarren artean ezagutarazi nahi dute erakusketarekin. Zapatuan eta domekan, hilak 24 eta 25, egongo da zabalik Euskal Herrian Euskaraz taldearen erakusketa, Olaran etxean; ordutegia, honakoa: 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:00etara.

Zazpi lan-ildo nagusitan jarduten dute lanean EHEkoek: osasuna, Justizia, irakaskuntza, lan mundua, ezagutza, Udala eta hedabideak. Asteburuko erakusketan, horietako alor bakoitzeko panel bat jarriko dute, egiten duten lanaren berri emateko. Euskal Herri osoan dabil erakusketa hori, herriz herri.


Osasun etxea, lehentasuna

Orain dela bi urte pasa sortu zuten Antzuolako EHE taldea, hamar bat herritarrek. Orduan, herrian euskarak zuen egoeraren azterketa egin zuten taldekideek; horrelaxe azaldu digu Oier Peñagarikano Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak: "Antzuolako osasun etxeak ez ditu bermatzen herritarron hizkuntza eskubideak eta horixe izan da gure jardunbide nagusia; osasun etxea euskalduntzeko lanari eman diogu lehentasuna bi urte hauetan". Besteak beste, horixe eskatzeko, osasun etxeak hizkuntza eskubideak errespeta ditzala, alegia, sinadurak batzen jardun zuten; 400 herritarrek eman dute euren sinadura. Orain, sinadurok agintariei bideratzeko asmoarekin dabiltza.

Ateak zabalik

Esan bezala, orain dela bi urte pasatxo, hamar bat lagunek osatu zuten taldea. Dena dela, ateak zabalik dituzte euskaldunon hizkuntza eskubideen alde lan egin nahi duen edonorendako. Taldekide izan nahi dutenek, aukera paregabea dute asteburuan; izan ere, Oier Peñagarikano bera erakusketan bertan egongo da eta nahikoa da berarengana jotzea.

Aipatzekoa da, azkenik, herrian egin dituzten hainbat ekimenetan ere parte hartu izan duela EHEk. Orain, esaterako, Korrikaren batzordean jardun dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak