Artisau eta saltzaile asko kanpotik etorri arren egon zen antzuolarrik: Diego Sanchezek esaterako, etxean egindako makilak erakutsi zituen, eta Iralatorre baserriko Aimar, Ekain eta Ibaik baserritar jantzita eraman zituzten euren etxeko ardiak eta aharia ganadua zegoen tokira. Aurten gainera, lehenengo aldiz, Lizarraga auzoko bizilagunek taloak saltzeko postua jarri zuten presoen aldeko dirua jasotzeko, eta ilarak ikusita, esan daiteke ideia arrakastatsua izan zela.
Kukumarruen lehiaketa ere egin zen eta antzuolarrek sekulako irudimena dutela erakutsi zuten: kukumarru txirrindulariak ikusi ahal izan ziren, baita El Jonan famatua edo Galileo Galilei bezala jantzitakoak ere.