Estatu Fondoko dirulaguntza Kalegoirako eta Eztalarako

Irati Agirreazaldegi 2009ko urt. 15a, 16:26
Eguaztenean egin zuten udaletxean hilero moduan ohiko udalbatzarra. Udal Inbertsioetarako Estatu Fondoaren erabilpenerako proiektatutako inbertsioaren onarpen proposamena ipini zuten mahai gainean.

Aurkeztutako proiektuak dira futbol zelaiko eta atletismo pistako obra zibila eta Kalegoi kalearen urbanizazio lanak.


Dirulaguntza 375.000  eurokoa izango da. Erdia erabiliko dute Eztalako obra zibilerako. Madrilgo dirulaguntzarekin obra zibila egin ostean, Eztalarako badago beste proiektu bat, belar artifiziala ipintzea, hain zuzen ere.

Gainontzekoa Kalegoi urbanizatzeko eta herrian beste hobekuntza lantxo batzuk egiteko erabiliko dute. "Kalegoi plaza ingurua moduan egokitzea da asmoa. Gune historiokoan dagoenez eta zaharra denez, eskatzen du bide txukun bat izatea", esan digu alkateak. Madrilgo dirulaguntzena aurrez batzordeetan landutako gaia izanik zinegotzi guztien baiezko botoarekin aho batez onartu egin zuten proiektu hauetarako erabiltzea laguntza.

Finantzatuko diren lan horiek hainbat baldintza bete beharko dituzte, besteak beste lanak apirilaren 13a baino lehen hastea eta urte amaierarako bukatuta izatea.

Eskolako patioko proiektua

Bestalde, Herri Eskolan estalitako jolastokia eta kirolgunea eraikitzeko proiektua idazteko ardura Alvaro Perez de Amezaga arkitektoari ematea erabaki zuten udalbatzarrean. Bera izan da lehiaketara aurkeztu den hautagai bakarra. Esleipena egin ostean, hilabeteko epea izango da proiektua aurkezteko.

Azkenik, alkatearen soldata eguneratzeko proposamenaz ere jardun zuten. Langileen eguneratze berdina izango duen arren udalbatzak berretsi behar du aldaketa. Hortaz, igoera, izango da KPIa eta puntu bat gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak