Estala eta frontoia erabiltzeko arauak onartu dituzte

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko uzt. 8a, 12:13
Udal pilotalekua eta Estala futbol zelaia erabiltzeko arauei hasierako onespena eman zitzaien atzo osoko bilkuran. Andoni Azkargorta kirol zinegotziak azaldu zuen: "Azpiegitura horien erabilera itxia ez izatea eta jendeak erreserba egiteko aukera izatea da asmoa". Batez ere azkenaldian sortu den eskaerari irteera emateko egindako proposamena da.

Antzuolako udal pilotalekua areto-kiroletan jarduteko arautu dute. Pilotalekuan lehentasuna emango zaio pilota sustatzeko ekintzei. Pilotalekua zabalik egongo da astelehenetik egubakoitzera: 9:00etatik 12:30era, herriko ikastetxearendako; 12:30etik 18:00etara, erabilera librea edo talde antolatuendako; eta, 18:00etatik 22:00etara, kantxa erreserbatuko da pilotan jokatzeko edo elkarteek beste kirol batzutan jarduteko.

Futbol zelaia

Estala futbol zelaia futbolean jokatzeko izango da, beti ere, futbola sustatzeko asmoz. AKE futbol taldeak izango du Estala erabiltzeko lehentasuna. Estala libre baldin badago txanda eskatu beharrik ez da izango, eta ez da ordaindu beharko. Erabilera libreko orduetan haurrek eta 18 urtetik beherako gazteek izango dute lehentasuna.

Tarifak

Estala erabiltzeagatik, herritarrek 30 euro zelai erdia eta 45 euro zelai osoa ordaindu beharko dute. Kanpotarrek ordainduko dute 45 euro zelai erdia edo 60 euro zelai osoa.

Eskolako aterpea, baztertuta

Eskolako aterpea erabiltzeko araudia bertan behera geratu zen Pilar Etxanizek eskatuta. "Kirol ikuspegitik egindako araudia da. Umeendako eremu libre bakarra da eta gune barik geratuko lirateke", esan zuen Etxanizek. Hala, araudia berrikusi eta irailerako utzi zuten eskolako aterpea arautzeko gaia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak