"800.000 euro inguruko proiektua da. Hezkuntzarekin lotua dugu 450.000 euroko finantzaketa; Foru Aldundiaren egoera ekonomikoa ona ez dela jakin arren, espero dugu elkarlanaren bitartez, proiektua babestea eta Udalak ere beharbada beste asmo batzuek bazterrera utzi beharko ditu aterpearen aldeko apustua egiteko. 2010erako ea aterpea egiterik dugun", esan zuen alkateak.
Osasun zentroa
Eskolatik gertu dago Torresoroa eta osasun zentroa hara aldatzeko asmoa luzatzen ari dela esan zuen Iturbek. "Osakidetzarekin hitz egin eta azken hilabetean aurrerapausoak eman dira, leku aldaketa egiteko gertu daude eta ea hurrengo hilabeteetan gauzatzen den. Osasun zentroa dagoen tokian gaztetxea ipiniko dugu".
Errepideez ere jardun zuten, Sagastiko biribilguneaz, hain zuzen ere. Alkatearen esanetan, "Udalak tramite guztiak egin ditu. Diputazioari 2010ean proiektua garatzeko eskatu diogu, baina dirua da arazo eta eurek ere tramiteekin jarraitu arren, tamalez ez daukagu data zehatzik; ea 2011n posible den".
Baserrietako ura
Azkenaldian herrian egin diren obrez jardun zuen alkateak telebistan. Besteak beste, Estatuko Fondotik jasotako diru laguntzekin egindako Eztalako eta Kalegoiko lanez.
Orain, beste diru partida bat jasoko du Udalak, 231.000 eurokoa. "Oraindik erabakiak hartu gabe daude, baina baserrietara ura bideratzeko proiektu handi bat dugu esku artean eta horri ekiteko erabil genezake; baita Antiguako eta Errekaldeko argiteria instalazioa berritzeko ere, oso modu eskasean dago-eta".