Eskola aurreko jolasgunea berritu egingo du Udalak

Aintzane Irizar 2007ko abenduaren 4a

Udalak urrian egin zuen herriko jolasgune guztien azterketa. Hiru enpresari agindu zion lan hori egiteko; hots, jolasgune guztien egoera aztertu eta zeuden beharren arabera, enpresa bakoitzak aurkeztu zuen jolasgune horiek eraberritzeko aurrekontua.

Pedro Iturbe alkateak orduan ere adierazi zuen, Udalarendako, eskola aurreko guneak zeukala lehentasuna, ume gehien hantxe ibiltzen delako eta eskolako sarrera ondoan dagoelako. Horregatik, oraingoz, gune horretako jolasak eraberrituko dituzte.

Arrizabal enpresari esleitu dizkiote lanak; ia 10.000 euroko aurrekontua izango dute. Batetik, lurzoru guztia berria jarriko dute; oraingoaren ezberdina izango da, gainera. Oraingoa zatika antolatuta dago; lurzoru berria dena bat izango da. Adituen esanetan, gehiago irauten dute era horretakoek, eta seguruagoak dira. Ez dute jolas berririk erosiko, daudenak konpondu baizik.

Iturbek azaldu du Gabonetako argietan aurreratutako diruarekin egingo dutela inbertsioa, "probetxugarriagoa" delakoan. Iaz, 9.000 euro gastatu zuen Udalak argietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak