Erromeria egingo dute Ardanbidetan domekan

Irati Agirreazaldegi 2009ko ira. 10a, 11:07
Legazpi eta Antzuola bitarteko Ardanbidetako zabalgunean erromeria izango da irailaren 13an Legazpiko ZingiZango Euskara Elkarteak antolatuta. Eguerdian, 12:00etan hasi eta 18:00ak arte iraungo da jaiak.

1936ko gerrako urteetan jai-bilerak egiten ziren Ardanbidetan , baina garai berriko erromeriarekin 2004. urtean hasi ziren Zingi Zango elkartekoak, Legazpiko euskal giroa sustatzeko asmoz. Orain, antzuolarrak animatu nahi dituzte parte hartzera.

Egitaraua

12:00etako agurraren ostean, 12:30ean txirrindulariei harrera egingo diete; izan ere, aurten, lehen aldiz, Legazpitik Ardanbidetara bizikletaz joateko dei egin dute. Erromeria eta dantza saioa 13:00etan hasiko da eta Patxi eta Konpainia taldearen laguntza izango da horretarako.

15:00etan egingo dute bazkaria, baina aurten ez da  paella eta zikirorik izango. Bazkaria norberak eraman beharko du; hala ere, jairako propio ipinitako tabernan pintxoak izango dira.

Bazkalostean jolasak egongo dira: sokatira, oskol jokoa, indar probak, trebetasun probak... Amaitzeko, zozketa egingo dute eta 18:00etan jaitsi egingo dira.
Legazpitik autobusa egongo da, baina antolatzaileek oinez joateko gomendioa egin diote jendeari. Antzuolarrak Altzeta baserritik gora, Sokomendin barrena edo Deskargatik joan daitezke Ardanbidetara.

Eguraldi oso txarra eginez gero, Patxi eta Konpainiaren dantza-saioa baino ez da egingo Legazpiko azokan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak