Errekan pilatutako zaborra atera dute

Irati Agirreazaldegi 2009ko irailaren 4a

Opor ostean beharbada herritar askok ez du igarri, baina erreka garbiago dago. Gaztetxekoen ekimenez abuztuaren hasieran herritar talde batek erreka garbitzen jardun zuen.

Gaztetxekoez gain, jende helduak eta umeek ere hartu zuten parte garbiketan; guztira, 60 lagun inguru. Horretarako, botinak jantzi eta errekara sartzeko ez zuten inolako erreparorik izan antzuolarrek; eta lanerako gogoaz gain, izan zen etxetik erremintak eta traktorea ere eraman zituenik.

Zaborra eta bitxikeriak

Pasa da denbora erreka azken aldiz garbitu zenetik, eta zabor mordoa pilatuta zegoen digute. Jaiak pasa berriak ziren eta jaien ostean ohikoak diren plastikozko edalontziak eta botila hutsak ez ezik, bestelako zikin mordoa agertu zen errekan. Esaterako, zabor poltsak, zaborrontzietara bota beharrean errekara botata. Bestelako bitxikeriarik ere bazen errekan: patinete bat eta hildakoen errautsak gordetzeko kutxaren bat ere.

Udaleko Ingurumen zinegotzi Jose Mari Iturberi ekimen oso ona iruditu zaio: "Batetik, gazteek antolatu eta adin guztietako herritarrek parte hartu dutelako; bestetik, erreka denon ardura dela sentsibilizatzeko balio duelako. Aurrerantzean ez badugu zikintzen ez dugu garbitu beharrik izango, eta horretarako ohiturak aldatu behar ditugu denok".

Bazkaria

Gaztetxekoek eskertu egin nahi dute errekan ibili zirenen laguntza, baita denendako bazkaria gertatu zuten Juanita Zabalorena eta Meltxor Legorbururena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak